MUSIKA

Aste honetan Bermeoko Mareak jaialdiaren hamabigarren edizioa

Urriaren 20tik 24ra, zinema, musika, ahozko narrazioa, literatura, dantza garaikidea eta ondarea izango dira protagonista Bermeon.

Mareak jaialdiak tradizioaren eta abangoardiaren arteko lotura landu nahi ditu eta horretarako, bederatzi proposamen eskainiko ditu Bermeoko Nestor Basterretxea aretoan, Arrantzaleen Museoan eta Kafe Antzokian.

Jaialdia urriaren 20an hasiko da, 19:00etan, Nestor Basterretxea aretoan, Arcadia dokumentalaren emanaldiarekin. Paul Wrightek zuzendutako lanak britainiarrek landa-ingurunearekin historian zehar izan duten harremana aztertzen du.
Urriaren 21ean, 18:30ean, Ameli kontalariak Ongi etorri ikuskizuna aurkeztuko du Arrantzaleen Museoan. Amaia Elizagoienek eta Itziar Olaguek euskal ondareko ipuinak, istorioak eta bitxikeriak kontatuko dituzte.
Urriaren 22an, 19:00etan, Oda Marítima zine-kontzertua izango da Nestor Basterretxea aretoan. Barikuan, urriaren 23an, bi proposamen izango dira. Lehenengoa 18:30ean hasiko da, Arrantzaleen Museoan, Tristes pupilas liburuaren aurkezpenarekin eta hitzaldiarekin. Eta gauean, 20:30ean, Harria taldeak kontzertua eskainiko du Bermeoko Kafe Antzokian.

Azken egunean, urriaren 24an, goizeko 11:00etan, Santimamiñera bisita gidatua egingo da Juan Carlos López Quintana arkeologoaren eskutik. Arratsaldean, 19:00etan, Zalantza baten itzala taldeak musika-saioa eskainiko du Irakaskintzako karpan. Mareak Jaialdiaren azken hitzordua 21:30ean izango da, Bermeoko Kafe Antzokian. Lehenik, Amaia Elizaran dantzari eta koreografoak eta Silberius de Ura musikariak Iraun dantza garaikideko pieza aurkeztuko dute. Ondoren, Sophia Djebel Rose artista frantziar-marokoarraren kontzertua izango da. Folkaren, ahots-esperimentazioaren eta musika abangoardistaren artean kokatzen da haren proposamena.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button