
Josebaren obraren irakurketa jarraitua egiten hasi baino lehen, datorren astean burutuko da Joseba Sarrionandia 35 urte idazten jardunaldien azken hitzordua.
Programazioa ekainaren 2an hasiko da Bernardo Atxagaren hitzaldiarekin: Deserri eta kartzela poemak.
Ekainaren 3an, Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiaren hitzaldia etorriko da. Berarekin batera, Karmelo Landa ere arituko da.
Ekainaren 4an, Aiora Jakak Itzulpena eta sorkuntza: txanpon beraren bi aldeak gaia jorratuko du. Bera da Sarrionandiaren obrari buruzko lehen doktore-tesiaren egilea.
Eta amaitzeko, J. E. Urrutia Capeauk Sarrionandiaren narrazioen giltzarriak titulupeko hitzaldia egingo du. Idazle horrek duela gutxi, Jururu (Pamiela) lana publikatu du.
Gero, ekainaren 5ean, Bilbo Zaharra Forumek Joseba Sarrionandiaren Narrazio guztiak (1979-1990) liburuari eskainiko dio Klasikoen 8. irakurketa jarraitua. Ekainaren 5ean egingo da, Bilboko Arriaga Antzokian, 8:00etatik iluntzeko 20:00etara. 2011n, Narrazio guztiak (1979-1990) liburua kaleratu zuen Elkar argitaletxeak. Bertan, Sarrionandiak 80ko hamarkadan argitaratu zituen hiru ipuin-bildumak bildu ziren: Narrazioak (1983), Atabala eta euria (1986) eta Ifar aldeko orduak (1990). Hor ere, Figlio di cane, Maggie indazu kamamila eta Enperadore eroa narrazioak ere badatoz.