
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, Bilbaoeszenaren bitartez sustatzen duen Artistak Egoitzan programaren VI. edizioak baditu saridunak. Nabarmendu diren lau proiektuek, arte eszenikoetako diziplina-aniztasuna eta berrikuntza ekarriko dute.
Proposamen hauek aukeratu dira: Can´t, Igor Urzelai koreografo gipuzkoarraren proposamena. Lanak identitate kolektiboen eta rol-ereduen aldean, banakoaren identitatea zalantzan jartzen du; Magia Simpática, Matxalen de Pedro eta Igor de Quadra koreografoek osatutako Horman Poster kolektiboarena. Lan honetan, hiru arketiporen arteko elkarketa dago: bilakaeran dagoen tximino bat, Pierrot erromantiko bat eta xaman afrikar bat; Izotza on Fire!! Alaitz Arenzana eta Maria Ibarretxe artistek osatutako Sra. Polaroiska kolektiboarena., eta Échale la culpa III, Bilbon finkatutako Maia Villot De Diego artistaren performancea. Femme Fatale estereotipoari lotutako hondamendi ideia ardatz duen performance-seriea da.
Artistak Egoitzan, Bilbon sorkuntza artistikoa sustatu eta proiektuak garatu nahian dabiltzan artista edo konpainiei laguntzea xede duen ekimena da. Programaren aurtengo edizioan aurkeztutako 41 proiektuak arte eszeniko garaikideen diziplina guztietakoak dira: zirku berria, performancea, antzerkia, dantza eta hizkuntza eszeniko berriak, diziplina anitzeko proposamenak barne. Horien artean aukeratutako lau proiektuk 3.000 euro jasoko dituzte. Egoitzak 2014ko ekainetik urrira bitartean egingo dira, hiriko esparru eszeniko desberdinetan.