
Bilboko Arriaga Antzokiak Lied Arriagan zikloko hirugarren edizioari hasiera emango dio gaur. Ekainera arte luzatuko den ekimen musikal honetan piano eta ahots formatuko bost kontzertu antolatu dira.
Diogun moduan, zikloko lehen emanaldia gaur, urtarrilak 29 izango da, arratsaldeko 19:30ean, Irene Mas Salom mallorcar sopranoarekin, Malcolm Martineau maisu pianista lagun duela. Kontzertu honetarako, Frantziako kulturaren eta gizartearen eragin zuzena duen programa bat prestatu da.
Hurrengo saioa otsailaren 26an izango da, Josep-Ramón Olivé baritonoaren eta Francisco Poyato pianistaren emanaldiarekin. Bi hilabete geroago, apirilaren 23an, Inés Lorans sopranoaren txanda izango da, Rubén Fdez. Aguirre pianoan lagun duela. Maiatzaren 27an, Fdez. Aguirreren parte hartzearekin, Laura Brasó sopranoak eta Mikel Uskola kontratenorrak errezitala eskainiko dute. Eta azkenik, ekainean, hilaren 18an, Lied Arriagan zikloari amaiera emango dion kontzertua egingo dute Nuria Rial sopranoak eta Rubén Fdez. Aguirrek berak.