
BBK Gizarte Ekintzak, Bilbao Arte fundazioarekin lankidetzan, 2015ean arte-proiektuak gauzatzeko beken beste edizio bat antolatu du. Beka-programa honen helburua 2015ean arte-produkzioa bultzatzea da bakarka nahiz taldeka. Edozein pertsonak jo dezake programa honetara, bere adina eta jatorria gorabehera, ibilbide artistiko eta akademikoa egiaztatzen baditu.
Programan bi denbora-modalitateko bekak sartzen dira: sei hilabeteko iraupena dutenak edo hamabi hilabeteko bekak, 2015eko urtarriletik aurrera gauzatuko direnak. Eta hiru tipologiako bekak daude, proiektuaren premien arabera: produkzio-bekak estudioa lagata; produkzio-bekak estudioa laga gabe, eta lankidetza-bekak.
Lehen formatukoetan diru-laguntza ematen da eta aldi baterako leku baten erabilera utzi edo lagatzen da Bilbao Arte Fundazioan. Kasu honetan hamabost beka eskaintzen dira eta bekadunek estudio bat izango dute eta 4.000 eurorainoko diru-kopurua urteko proiektuetarako, eta 2.000 eurotarainokoak sei hilabeteko proiektuetarako. Proiektuak gauzatzeko prozesuan, hautaturiko artistek Bizkaian izan behar dute ohiko bizilekua.
Programa honen bigarren modalitatea produkzio-bekak dira estudiorik laga edo utzi gabe. Modalitate honetan ere gehienez hamabost beka eskaintzen dira, gehienez 4.000 eurokoak urtebeteko iraupena duen proiektu bakoitzerako eta 2.000 eurokoak sei hilabeteko proiektuetarako.
Hirugarren modalitatea lankidetza-bekak dira. Beka hauetan artistak tailerreko maisuen laguntzaile gisa jardutera konprometitzen dira, egunean 4 orduko eta astean gehienez 20 orduko dedikazioarekin. Honelako hiru beka izango dira gehienez, bakoitza 5.500 eurokoa eta hamaika hilabeteko iraupenarekin bakarrik; urtarrilaren 15ean hasiko dira eta 2015eko abenduaren 15era arte luzatuko dira.
Eskabide guztiak Bilbao Arte Fundazioan aurkeztu behar dira azaroaren 14a baino lehen.