
Bilboko Bidebarrietako Kulturguneko Eztabaidak literaturarekin programak Blanca Riestra eta Karmele Jaio idazleak batuko ditu bihar, literaturari eta amatasunari buruz solastatzeko. Saioa 19:30ean hasiko da, eta Alicia San Juan kultura kazetariak zuzenduko du solasaldia.
Blanca Riestra (A Coruña, 1970) Filologia Hispanikoan doktorea da., eta oinarrizko hiru antologiatan agertu da: Páginas Amarillas, Lo del Amor es un cuento eta Ni Ariadnas ni Penélopes. 2010ean, Premio Ateneo Joven de Sevilla saria jaso zuen La Canción de las cerezas lanari esker.
Bilboko Udalaren Prentsa Bulegoaren arabera, “Ciudad de Barbastro Saria irabazi zuen Pregúntale al bosque liburu autobiografikoan, nortasunaren sustraiei eta literaturarako bokazioa hazten den iratzeei buruz galdetzen du. Eta baita horri bizia ematen dioten argiei eta lurpeko urei buruz ere. Bultzada bi gertakari biografikotik etorri zitzaion: aitaren heriotza eta amatasuna”.
Karmele Jaiok (Gasteiz, 1970), aldiz, hiru kontakizun liburu idatzi ditu: Hamabost zauri (Elkar, 2004), Zu bezain ahul (2007, Elkar) eta Ez naiz ni (2012, Elkar). Gaztelaniara ere itzuli diren bi eleberri ditu, Amaren eskuak (2006, Elkar); eta Musika airean (2010, Elkar), eta poesia liburu bat, Orain hilak ditugu (2015, Elkar).