Hemendik aurrera, Pabellon 6k antzerki-testuak argitaratuko ditu. Bilduma berria bi libururekin hasiko da: Ramón Barearen Palabrarismos, eta Javier Liñeraren Zer gertatu ote zitzaion Ana Garciari? (euskarazko bertsioa Idoia Barrondok egin du). Helburua antzerki-sorkuntzako ondare bat sortzea eta mantentzea da. Horrela beste konpainia batzuek muntaiak egiteko, eskoletako praktiketan erabiltzeko, edo beste barik, gustura irakurtzeko aukera izango dute.
“Pabellon 6k urte hauetan zehar, ekoizpen propio ugari sortu ditu , eta horietako batzuk, gainera, behin baino gehiagotan antzeztu dira. Orain beste urrats bat eman da, testu horiek argitaratuz, eta irakurle bakoitzak beste besaulki batetik, berreikusi ahal izango ditu. Antzezlan testu horiek bizitza eszenikoa izan dute, eta izaten jarraituko dute”.
Aipaturiko bi liburu horien atzetik beste batzuk etorriko dira, hala nola, estreinatzear dauden testuak, duela urte batzuetako testuak, gaztelaniazko eta euskarazko testuak, antzezlan luzeagoak eta pieza laburragoak (Antzerki Arineko Jardunaldietan aurkeztu eta nabarmendu ziren testuak), Gazte Konpainiako egileek idatzitako testuak eta abar.
Ekimenaren helburua argitalpen berriak ateratzea da, eta hala, Felipe Loza, Patxo Telleria, Braulio Cortes, Unai Izquierdo, Iñigo Cobo, David Caiña, Galder Pérez, Lander Otaola, Ana García… izango dira hurrengo aleen egileak.
Kasu batzuetan, argitalpenak musikaz, diseinuaz eta abarrez osatuta etorriko dira. Eta gehigarri bezala, muntaiaren argazki batzuk ere eramango dituzte txertatuta.
Ramón Barearen hitzetan, “Antzezlan testu interesgarriak ditugula uste dugu, eta horiek ez dira galdu behar. Proiektu jaioberri honek ikuskizunetako soinu-bandak argitaratzea, eta testuak irrati-nobela (soinu-fikzioak) bihurtzea aurreikusten du “.
Argitalpenek www.pabellon6.org webgunean atal bat izango dute, eta bertatik, online bidez, erreserbatu daitezke.