
Gaur, urtarrilaren 23an, 19:30etik aurrera, Arriaga Antzokian euskal konpainia baten beste proiektu bat ikusi ahal izango duzu: Anodino Teatroaren Obsoletus lana.
Antzezlana Aitor Fernandinok idatzi du, eta euskaraz antzeztuko dute Fernandinok berak, Juanjo Oterok eta Aiora Sedanok. Antzerki muntaia honen zuzendaritzaz Pako Revueltas arduratu da.
Obsoletus komedia bat da, zehazki, “ustezko terroristei eta lokarturiko Gandhiei buruzko komedia politiko bat; euskal komedia bat da, lotsagabea eta ausarta. Antzezlan honetan, lan-gatazka bat eta botere-galera dira ardatz.”
Lanaren korapiloa honako hau da: “hainbat hilabeteren ondoren, fabrika ixtearen aurreko protesta jendetsua ahulduta dago; Ione eta Elias baino ez dira geratzen. Baina Txarliren etorrerak itxaropena ekarri du. Akordioak lortu ditu… baina baldintza batekin: berehala utzi behar dute protesta. Gaur egungo gizartean, borrokak badu zentzurik ala zaharkituta geratu da? Baliteke eguneratu gabe geratu dena moduak ez izatea. Beharbada, gauzak aldarrikatzea bera geratu da zaharkituta.”
Badirudi indarkeria mota guztiak, intentsitate txikikoak izan arren, zaharkituta geratu direla. “Gizartea ere orokortze horren biktima izan da eta aldarrikapenak suntsitzen ditu kalera ateratzen direnean, balantza erabat desorekatuz. Hausnarketa horretatik abiatuz, gaiak antzerki jolaserako bide ematen du.”