LITERATURA

Laura Mintegiren “Nerea eta biok”, berriz kalean

Gaur, Bilboko Liburu Azokako karpan, Laura Mintegiren Nerea eta biok lanaren beste edizio bat aurkeztu da. Lan hori Nerea eta biok Txalapartak argitaratu zuen 1994an, eta orain berrargitaratu eta eguneratu du argitaletxe horrek.

42 urte dituen Isabel, unibertsitate irakasle banatua eta Nerea, Parisen kartzelan dagoen etakidea dira nobelaren protagonistak. Isabelek irakasten duen literaturako ikasgaian matrikulatu da Nerea. Horrek eskutitz baten bidez literaturari buruz dituen hainbat iritzi jakinarazten dizkio bere irakasleari eta, hortik aurrera, epistola-harreman bati ekingo diote. Hasieran, literaturarekin zerikusia duten idatziak; gero, norberaren bizipenei, ilusioei edota beldurrei buruzkoak.

Kritiken hemerotekan hauxe irakurri hala izan dugu: “Gutunetako hitzen bitartez, bi emakume hauen artean eraikitzen hasten den harremana geroz eta estuagoa eta kuttunagoa egiten da. Laura Mintegik bere idazkera labur, zuzena, gardena eta intimistarekin emakume arruntaren bizipenak, esperientziak argitara ekarri eta aztertu egiten ditu. Susma daiteke duen intentzioa ez dela kritikatzea, hauetaz kontzientzia harraraztea baizik”.

Laura Mintegi Lizarran jaio zen 1955ean. Deustuko Unibertsitatean Historia lizentziatura egin zuen 1978 urtean, eta Psikologia doktoretza 1999an burutu zuen Euskal Herriko Unibertsitatean. Ilusioaren ordaina izenburupeko narrazio laburrak argitaratu zituen 1983an, eta ordudanik Bai baina ez (1986), Legez kanpo (1991), Nerea eta biok (Txalaparta, 1994) eta Sisifo maite minez (Txalaparta, 2001) eleberriak plazaratu ditu.

Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketako onenak

Beste aldetik, Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketaren XXX. eta XXXI. edizioetan saritutako kontakizunak biltzen dituzten bi liburuki aurkeztu dira Bilboko Liburu Azokaren. Erein argitaletxeak argitaratu ditu aleok.

Euskarazko liburuak Arrate Egañak, Uxue Alberdik, Ekaitz Goienetxeak eta Laida Martinezek sinatutako bost ipuin jasotzen ditu. Gaztelaniazko liburuak Alberto Bellidoren, Antonio Torrejónen, Francisco Javier Pérezen, Nicolas Matteraren eta Matías Candeiraren ipuinak.

Euskaraz idatzitako testuei dagokienez, 2012an sari nagusia irabazi zuen Arrate Egaña Gimenezen (Errenteria, 1963) Marquez, eta 2014ko edizioa irabazi zuen Ekaitz Goienetxearen (Biarritz, 1982) Olatuak hausten diren lekua lanak datoz. Hiru accesitak, 2012an aukeratutako Uxue Alberdiren All right  eta azken edizioan saritutako Ekaitz Goienetxearen Zorionak eta Laida Martínez bilbotarraren Zapata berriak ere bildu dira bertan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button