IKUS-ENTZUN

“AnimaDeba” animazio jaialdia laster hasiko da

AnimaDeba Debako VI. Animazio Zinemaldia egingo da abenduaren 26tik 30era Agirre Jauregiko Ispilu Gelan. Ohiko proiekzioak ez ezik, bestelako jarduerak ere izango dira jaialdian, kontzertuak eta tailerrak, besteak beste.

Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendariaren hitzaldiarekin hasiko da jaialdia abenduaren 26an. Berbaldiaren ostean, hiru film ikusi ahalko dira 19:00etatik aurrera: Izibene Oñederraren Hotzanak, for your own safety (2013) film laburra; Wes Anderson zinegile estatubatuar handiaren Fantastic Mr. Fox (2009); eta, azkenik, Peur(s) Du Noir (2007) Frantziako lan kolektibo. Azken hori komiki-egile frantses batzuek egindako lan ilun eta misteriotsua da; gaztetxean proiektatuko da.

Abenduaren 27an, 17:00etan, umeentzako emanaldia izango da: Gorka Vazquez eta Ivan Onekak zuzendutako Wish Fish (2011). Gero, 19:30ean, kontzertua izango da Ain_1 taldearen eskutik. Abenduaren 28an, halaber, haurrei zuzendutako bigarren lan bat izango da: Francis Nielsen zinegilearen Blackie eta Kanuto (2012), 17:30ean.

Animazio-jaialdiaren azken egunean, abenduak 28, Gari musikariaren emanaldia eta hiru proiekzio izango dira: S.O.S. Mamba beat (Zuriñe Goikoetxea, 2013) filma laburra; Mary & Max (Adam Elliot, 2009); eta, amaitzeko, Nontzeberri webguneak urtero antolatu ohi duen Nontzefilmak film laburren jaialdiak azken hamar urteetan eman dituen animazio-lan onenen lagina.

Horrekin guztiaren batera, Rotoskopia tailerra eta gortina Lehiaketa ere izango dira.

Show More

Related Articles

Back to top button