MUSIKA

Xiru musika jaialdia gaur abiatuko da Zuberoan

Gaur hasi eta igandera bitarte Xiru musika jaialdia izango da Gotaine Iribarnen eta Alozen. Hala, gaur bertan eta Ez Zirelakotz Bat izenburupean, poesia errezitaldiak, musika eta ikus-entzunezkoak uztartuko dituen askotariko emanaldia egingo dute gauean Aloze-Siboseko sabaian Jose Angel Irigaraik, Eñaut Etxamendik, Alozeko Kantariek eta Jean Christian Galtxetaburuk.

Larunbateko egitaraua ere zabala eta oparoa izango da. Hasteko, goizean poteoa egingo dute Mauleko merkatuan dantza eta kantu artean.
Gero, 15:30ean, Nestor Bastarretxearen Amalur filma proiektatuko dute, eta Chahab irlandar eskultorearen obra berria erakutsiko dute.
Gau partean 21:00etatik aurrera hiru ikuskizun izango dira Gotainen: Joseba Sarrionaindiaren omenez egingo duten Xiru-Sarri askotariko ikuskizuna; Oudaden Marokoko musika taldearen kontzertua,eta Pas de Nom Pas de Maisom Bruno Nantes hiriko banda Hollemaert xiberotarraren partaidetzarekin.

Igandea pilota partidekin eta herriko dantzariekin hasiko dute Gotaineko Plazan, 11:00etan, eta eguerdian, halaber, Pied de Biche antzezlana ikusi ahalko da. Bazkariaren ostean, 15:30ean, hainbat ikuskizun izango dira kaleetan barrena, hala nola, Lucien Larraus Joa eta Nadine Elgoyen kantariak, amaren Alabak Xiberoko neska taldea, Rene Martinez Angeluko ipuin kontalaria.
Amaitzeko, 19:30ean, jaialdiko azken ikuskizuna izango da. Bertan, CFMI-ko musikari gazteak eta Xabier Pinon argazkilaria izango dira, besteak beste.

Egitarauaren xehetasun guztiak Xiruren webgunean jasotzen dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button