ARTEA

Ertibil 2015 erakusketa, Bilboko Rekalde Aretoan

Gaur goizean aurkeztu dira Ertibil erakusketa ibiltaria osatuko duten artistak eta euren lanak. Beste aldetik, Bizkaiko Foru Aldundiak sustatzen duen lehiaketa artistikoaren 33. edizioan sariak irabazi dituzten artisten obra saritua eta gainontzekoen obra hautatua erakutsiko dira Rekalde Aretoan uztailaren 5era arte.

Andere Etxegarai, Cristian Villavicencio  eta Amaia Molinet dira Ertibilen 33. edizio honen irabazleak, baina 35 urtetik beherako 109 artista aurkeztu dira, 138 obrarekin. Horietarik 17 obra hautatu dira, eta horiek dira erakusketan daudenak.

Nabarmentzeko da lehen saria eskuratu duen Andere Etxegarai (Leioa, 1980) artistaren Controversia izeneko lana. Obra bideo bat da. Pantailan formatu ezberdinetan garatzen diren bi klip agertzen dira. Batean neskato baten oinek erreka txiki izoztuak apurtzen dituzte, plisti-plasta. Bestea, formatu bertikalean, gizon gazte bat enfokatzen da eremu domestikoan, atzera aurreraka etengabean, kulunkaka eta esku-zartaka, irribarre batekin; musika entzuten du eta musikarekin bat egiten du.

Pieza hunkigarria da, berezia, intentsua eta dardaragarria, eta zure barruan zerbaitek krak egiten du. Aspaldiko partez ikusi dugun gauzarik ederrenetako bat iruditu zaigu.

Cristian Villavicencio (Quito-Ekuador, 1984) artistaren obra Perímetro Espacial izenekoa da, eta Amaia Molinetena (Lizarra, 1988) argazkilaritzaren esplorazio eta esperimentazioan oinarrituriko Nociones de Habitabilidad izenekoa.

Ertibil 2015, berez ibiltaria izaten da eta aurten ere, Rekalde Aretoan egon ostean Ortuella, Getxo, Santurtzi, Ermua, Eibar, Zalla, Arrigorriaga, Derio, Igorre eta Amorebieta-Etxanora joango da. 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button