
Anarik Giza zarata diskoaren biraren amaiera-kontzertua Bilboko Kafe Antzokian egingo du gaur, azaroak 27, 21:30ean hasita.
Azken kontzertuetan Anari Giza zarata lana zabaltzen ari da bere ohiko bandarekin batera: Xabier Olazabal (baxua), Mariano Hurtado (pianoa eta organoa), Ander Mujika (gitarra elektrikoa eta ahotsa), Xabier Etcheverry (arrabita eta ahotsa) eta Mikel Txopeitia (bateria). Bere zazpigarren lana da hori, eta horren aurretik, Habiak, Zebra, Irla Izan, Zure aurrekari penalak, edo Epilogo bat entzutetsuak iragan dira.
“Kritika espezializatuak hasieratik bere musikari ibilbidea Euskal Herriko ahots garrantzitsuenen artean kokatu badu ere; egun, bada bere hitzen balio poetiko eta literarioari erreparatuz, gure literaturaren panoraman leku esanguratsuan kokatzen duenik.”
Duela hiru urte bere lehen liburua argitaratu zuen: Gari eta goroldiozko (Susa, 2022). “Garizkoak eta goroldiozkoak, bi paisaiek egiten dute bat lehen pertsonan emandako kontakizun honetan. 50 urteak bete eta aspaldi aita baino zaharrago dela jabetu den emakume bat ageri da, astearte iluntze batez, zinematik etxeranzko bidean; asteazken goizez, berriz, auto bidaia bateko denboraren eta espazioaren tolesturetan. Semaforoan bi galgo, bidearen errebueltetan ilaje kizkurdun emakume beltzaran bat, itsasoa gainezka, kontainerrak, fetuak, olibondoak, heskai artifiziala eta matematikaren poetika.”



