MUSIKA

Amorantek kontzertua eskainiko du Algortan

Amorantek kontzertua eskainiko du bihar, apirilaren 16an, 19:00etan, Algortako Azebarri kultur elkartean.

Amorante, Iban Urizar (Elgoibar 1975) musikariaren proiektua da. 2014tik han hemenka dabil emanaldiak ematen eta musika sortzen. Urizar Euskal Herriko musika esperimentalaren eta inprobisazio librearen eszenarekin lotuta dago, Bizarra edo Mengele quartet, popa edo rocka bezalako proiektuetan Joseba Irazoki edo Rafa Ruedaren bandetako kide gisa ibilia, edo folkean Joseba Tapia musikariarekin batera.
Amorantek makina bat instrumentu erabiltzen ditu, gitarra, ukelelea, tronpeta, harmoniuma, zintzarria eta perkusio tramankuluak; eta looper bat darabil soinu horiek guztiak nahasteko.

Duela gutxi, Bat edo Hiru izeneko disko berria kaleratu du. Zazpi kantuk osatzen duten disko beltza da, iluna eta era berean, tristeziaren edertasuna dario diskoari. Iluntasuna hitzetan sumatu daiteke eta aukeratutako tresnak eta estetikak eragin zuzena izan dute diskoaren izaera ilun hori nabarmentzen. Disko hori Aitor Etxebarriaren estudioan grabatu du eta hark egin ditu ekoizle lanak.

Diogun bezala giro ilun, malenkoniatsu, liturgiko, solemne hori sortzen dute kantek, lantzean, zirrikitu estuetatik sartzen diren argi izpiez betetzen den arte. Zazpi kantuotan heriotza ageri baita, batzuetan gertakarien ondorio gisa, bestetzuetan dramaren eragile edota eskenatokiko teloia bailitzan. Bizi ditugun garai ilunotarako soinu-banda posibleetako bat da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.