ESZENA

Antzerkiaren lilura guztia Lekeition

Datorren astean, uztailaren 12, 13 eta 14an, Lekeitioko Nazioarteko Kale Antzerki 24. Jaialdia egingo da. Antzerki guztia porturatuko da egun horietan kostaldeko herri horretan Euskal Herriko zein kanpoko konpainien ikuskizun abangoardistenekin. Gaur goizean ekimenaren xehetasun guztiak eman dituzte jaialdia aurkezteko Bilbon burutu den prentsaurrekoan.

Pili Robles Lekeitioko alkate ordearen hitzetan, “Lekeitiok beti bultzatu du antzerkia. Gure portuan kultura kargatzen eta deskargatzen dugu beti. Kultur trafikanteak gara”.

Imanol Agirre jaialdiaren zuzendari artistikoak programazioaren nondik norakoak jorratu ditu gero. Aurten itsasotik dator lehen ikusgarria: The Ship of The Fools (Zoroen itsasontzia) Lekeition porturako dira, eta itsasontsi baten gainean arituko dira Molieren obra baten adaptazioarekin. Sarrera kobratuko da sartzeko eta ikusgarriaz gozatzeko, baina oso modu originalean: ikusle bakoitzak 0,16 zentimo ordainduko ditu kiloko aitzinean egiten zen bezala.

Sacude konpainia Bartzelonatik dator eta kanpandorrean zintzilikatuko dira dantza bertikal egiteko xedez. Ikusgarria proiekzio batzuekin ere hornituko da. Xarxak, halaber, formatu handiko proposamena dakar Lekeitiora Papers obrarekin. Hainbat jende munduan zehar dabil, harat honat, paperen bila, oztopo askorekin nahi duen tokian bizi ahal izateko. Problematika honetaz abiatuko da Papers lana, larunbat gauean.

Frantzaitik, berriz, Rue Barre eta Picto Facto konpainiak ere etorriko kostaldeko herrira aho bete hotz uzteko ikuslego guztia. Puzgarri oso bereziak erabiltzen dituzte Frantziako abangoardian buru diren talde horiek.

Azkenik, Euskal Herriko antzerkiak ere isla izango du kaleko jaialdi honetan. Deabru Beltzak, Hortzmuga eta Trapu Zaharra konpainiek azken lanak aurkeztuko dituzte.

Bestalde, Stock Umorea izeneko arte eszenikoen eskola berria jarri da aurten martxan herri horretan. Horrekin batera jaio da Stock Umore Lekeitio Off saila, jaialdi paralelo gisa, esperimentatzeko helburuarekin. Hor, aurten, zazpi egitasmo baino gehiago kaleratuko dira.

Non, zer eta zein unetan egingo den jakiteko, xehetasun guztiak dituzue ekimenaren webgunean: www.lekeitiokale.net

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button