
Nafarroako Museoan Pello Azketa. Begiradaren Memoria izenburudun erakusketa ikus daiteke. Erakusketa zabalik egongo da irailaren 1era bitarte, eta pintore nafarraren obra eta ibilbidea ditu ardatz. Era berean, erakusketaren izenburu bera duen liburua ere argitaratu du Nafarroako Gobernuak.
Orotara, pintorearen 39 olio paratu dituzte museoan, eta horietatik 27 artistaren bildumakoak dira; zazpi bildumazale partikularrenak, eta bost Nafarroako Museoarenak dira. Obrak 1972tik 2000ra bitarte eginikoak dira, artista itsu gelditu baino apur bat lehenagokoak. Hasierako lanetan, paisaia urbanoak agertzen dira; azken artelanetan, berriz, natura da elementu nagusia.
Mercedes Jover museoaren zuzendariaren arabera, erakusketak produkzio zehatza, ederra, aberatsa eta konplexua eskaintzen du, eta gogoratzen eta ikusten duenak sortarazten dizkion emozioak pintzeladekin islatzeko gaitasuna duen artistaren atzera begirakoa jasotzen du.
Erakusketarekin batera, zenbait ekitaldi paralelo ere ondu dituzte. Esate baterako, Mercedes Alvarez zinegile nafarraren El cielo gira filmaren emanaldia.