ESZENA

Amaia Elizaranek sorturiko “Arima” piezaren estreinaldia bihar, Donostian

Bihar, hilak 5, eta Donostiako Gazteszenan, Amaia Elizaranek Arima piezaren estreinaldia egingo du Liam Ó ‘Maonlaírekin batera, 19:30ean hasita.

Arima dantza garaikideko bakarkako lana da, Liam Ó Maonlaík sortutako soinu errepertorioarekin gorpuzten dena. Musika tresnen erabilerak (pianoa, arpa zeltiarra eta bodhrán delakoa) eta musikariaren ahotsak klima paregabea sortuko dute.

Amaia Elizaranek, Liam Ó ‘Maonlaírekin batera, gainazaletik funtsezkora arteko bidaia egiten du. “Edertasuna, apaltasuna eta xehetasun txikiak materialari gailentzen zaizkion ibilbidea.
Arnasketa da bide hori osatzeko aukera ematen duen tresna nagusia. Izan ere, arnasketak hasiera eta amaiera lotzen ditu, jaiotzean egiten dugun lehena eta hil aurreko azkena baita. Bizirik mantentzen gaituena, gainera”.

Egunotan Berria egunkarian berari egindako elkarrizketa agertu da. Bertan honakoak esan ditu: “Konpainiaren seigarren pieza da Arima, baina aurrekoekin alderatuta, desberdina dela esan daiteke. Aurreko aldietan lana nahiko zehatza zen, eta inprobisazioak ez zuen ia lekurik hartzen. Pieza berri honetan, berriz, inprobisazioak garrantzi handia dauka. (…) Arima eternala dela uste dugu, eta piezan horrekin jolasten ahalegindu gara. (…) Azken finean, gure helburua da zerbait bukatzen denean geratzen den energia hori azaleratzea. Ondorioz, Arima ikusi ondoren, airean geratzen den energia hori publikoaren buruan edo sentsazioetan geratzea nahi dugu”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button