
Ortzadar euskal folklore elkarteak eta NUPeko Nafarroako ondare ez-materialaren artxiboak, XIXX Folklore jardunaldiak antolatu dituzte, Nafarroako dantzen atlasa izenburuarekin.
Egitarau horren barruan, igandean, eta Barañaingo Auditoriumean, Alurr taldeak Izanak dirau, 1512 izeneko lana eskainiko du.
Sua (2008) eta Oinazez (2010) ikuskizunak aurkeztu ondoren, ikuskizun berri bat sortu du Alurr Dantza Taldeak Aiert Beobideren zuzendaritzarekin: Izanak dirau, 1512. “Oraingo honetan dantza eskolako gaztetxoei geure historiaren zati bat dantzaren bidez bizitzeko aukera eman diegu. Alurr dantza taldearen beste aurpegi bat da eskola, taldearen etorkizuna ziurtatzen duena. Horregatik, etorkizuneko dantzariei gure historia eta tradiziorantz begiratzeko aukera eman nahi diegu. Gure etorkizuna beraiena delako eta ez dezaten memoria gal”, diote egileek.
“Istorioek hasiera eta bukaera izan ohi dute Historiak ez ordea. 500 urtez gordeta egon ondoren, kutxa ireki, eta ezagutu Nafarroako Erresuman gertaturikoa. Hautsak harrotu eta ekar dezagun gure memoriara. Kondairak etorkizunean ere iraun dezan. Iraganik gabeko herriak ez baitu etorkizunik”.