BERTSOTAN

Altzako XXI. Bertso Aroa

Bizarrain elkarteak, Altzania kultur elkarteak eta Altzako bertsozaleek Donostia Kulturaren eta Lanku kultur zerbitzuen laguntzarekin Altzako XXI. Bertso Aroa ekimena bidean jarri zuten maiatzean.  Geroago, ekainean, Aroa Arrizubieta, Andoni Egaña, Uxue Alberdi eta Joanes Illarregi bertsotan aritu ziren, Larratxoko Kultur Etxean.

Udaren ostean, irailean jarraituko du Bertso Aroak, eta aste honetan hurrengo zita dute bertan programaturik. Hala, irailaren 16an Bertsoaren harria emanaldia eskainiko dute Koldo Izagirrek, Maialen Lujanbiok eta Beñat Gaztelumendik, 19:00etan, Tomasene kultur etxean. Koldo Izagirrek dagokion herriko pertsonaiari buruzko hitzaldia eskainiko du, Txirritari buruzkoa Altzan, eta hitzaldiarekin batera Maialen Lujanbio eta Beñat Gaztelumendi bertsolariak gidatuko ditu saio librean.

Horren ostean, urriaren 1ean, Erik eta Win emanaldia antolatu da, 19:00etan, Larratxoko kultur etxean. Urrian, 16an, beste saio bat programatu da haurrentzat.
Azaroan bertso bazkaria egingo dute, eta Nerea Ibarzabal eta Julio Soto bertsotan arituko dira.
Azkenik, abenduaren 10ean, Koplariak koplari emanaldia eskainiko dute, 19:30ean, Larratxoko kultur etxean. Xabier Amuriza eta Agus Barandiaran Koplariak koplari hitzaldi musikatuaren arduradunak dira.  Xabier Amurizak azken hamarkadetan batutako kopla zaharrak eta oraintsu sortutako kopla berriak aurkeztu eta kantatuko ditu, eta Korrontzi taldeko Agus Barandiaran bidaia-lagun izango du, trikitixarekin koplei musika jartzen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.