
Bilboko Alondegiak komikiaren inguruko AlhóndigaKomik izeneko jardunaldiak antolatu ditu maiatzaren 24tik ekainaren 2ra arte. Jardunaldiok hiru ataletan egituratuko dira: Mahai-ingurua, Mikroedizioen Topaketa eta tailerra.
Hala, maiatzaren 24an, Komikia, norabide berriak izeneko mahai-ingurua egingo dute 19:30ean. Hizlariak ondokoak izango dira: Santiago Valenzuela Capitán Torrezno sagaren egilea da eta Sari Nazionala 2011n; Rafael Martinez Norma Editorial argitaletxearen editorea; Yexus-Jesús García Sierra kritikaria, eta Antonio Altarriba gidoilaria da eta Sari Nazionala 2010ean. Solasaldian hainbat gai izango dute hizpide, tartean, komikiaren gaur egungo egoera, argitalpen-ereduak eta teknologia berriak.
Bigarren jarduera Mikroedizioen Topaketa izango da III. Autoeditatuak izenburupean. Topaketa maiatzaren 26an egingo dute eta bertan hogeitik gora fanzine, aldizkari eta tirada mugatuko argitalpen bilduko dira.
Azkenik, ekainaren 2an, Ikusten ikasten: emozioak lantzen izeneko tailerra izango da eta Dani Maiz ilustratzailearen ardurapean. Prestakuntza ekintza honetan hainbat elementu jorratuko dira, hala nola, hizkera bisualaren elementuen interpretazio egokia, eta sormena piztea eta egileak sormen prozesuan duen garrantzia baloratzea.
Jardunaldi hauen xehetasun guztiak alhondigabilbao.com webgunean jasotzen dira. Halaber, komikiarekin loturiko Alondegiaren bestelako ekintzak ere kontsulta daitezke hemen.