
Dejabu Panpin Laborategiak Arrastoak lan berria aurkeztuko du Elorrioko Arriola Antzokian, azaroaren 28an, 22:00etan.
“Lurrek ez du sekula bere amari buruzko galderarik egin. Arrastorik utzi gabe egin zuen alde etxetik bera txikia zenean. Ordutik bakarrik egin behar izan dio aurre bizitzari, etxean harrapatuta bizi den aita zainduz, erantzunak bilatzeko astirik gabe.
Gutxien espero zuenean ama hilik topatu dute, eta galderak azaleratu zaizkio bor-borka. Galderaz galdera denboran atzera egingo du Lurrek, memoriaren zulo ezkutuenetan galduta uste zituen sentimendu eta munstroei aurre egiteko. Intrigaz eta ezustez betetako bidaia bat hasiko du orduan. Galdera bat egitea delako lehen arrastoa”.
Dejabu panpin laborategiaren proposamen berri honetan, Urko Redondo, Miren Alkala, Iñigo Aranbarri eta Ainara Gurrutxaga dira antzezleak, eta testua Oier Guillanena da.
Horrekin batera, beste bi antzezlan ere izango dira ikusgai, hil honetan, Elorrion: azaroaren 16an, Teatro Gorakadak Munduari Itzulia umeentzako obra taularatuko du, eta 25ean, Elorrioko Udaleko Berdintasun Sailak Markus & Juanmanolo konpainiaren Macho–Maris emanaldia ondu du.



