MUSIKA

Siroka eta Emon taldeek disko berriak aurkeztu dituzte

Siroka bizkaitarrek 3.SZN (Taupaka) izenburuko hirugarren lana aurkeztu dute gaur goizean; Emon taldeak, berriz, Konfeti Kolore (Baga Biga) gipuzkoarren bigarrena.

Sirokak heldutasunerako bidea hartu du hirugarren lan honekin. Izan ere, grabazio honetan nobedade batzuk daude, eta, ezbairik gabe taldearen onurarako izan dira. Batetik, diskoa Kaki Arkarazok grabatu eta ekoitzi du,  eta lan hori nabarmen antzematen da diskoa entzuterakoan. “Gauza berriak probatu nahi genituen; hala, Kakiren estudiora jotzea erabaki genuen, Andoainera, eta azkenik, Kakik ekoizle lana egin du ideiak eta konponketak proposatuz, eta errepikatzeko moduan gaude, pozik emaitzarekin”, azaldu du Gorka Chamorro bateria jotzaileak.

Bigarren aldaketa, gitarra jotzaile berriaren ekarpena izan da. Izan ere, musikari sotila da, eta horri esker kantuek ere gora egin dute. “Bere kutsua eman dio taldeari”, berretsi du Gorkak.

“Hirugarren diskoa izanda, jada gure estiloa definitzen goaz, eta heldutasun puntu bat ere lortu dugu, eta horretan Kakik asko lagundu digu”, esan du Maria Rivero abeslariak. Hirugarren nobedadea bikoitza dela esan daiteke: Alain Urrutia artistak eginiko diskoaren diseinua, eta diskoarekin plazaratu duten Ez al zaizu iruditzen kantuaren klipa, zeina Goizeder Saez de  Lafuentek eta Nikola Hurtadok egin duten. Kantuetako kasik testu guztiak Ruben Riberok presoak egin ditu. Jarraian bideoa ikus dezakezue:

Konfeti kolore anitz


Bestalde, Bergarako Emon taldeak Konfeti Kolore izeneko lana aurkeztu du. Gipuzkoarrek estreinako lanean nagusitzen zen ska estiloari, makina bat soinu eta erritmo gehitu diote, tartean, cumbia, rumba, reggae, eta tex-mex zertzeladak. Estilo askotariko lehergailu dantzagarria da diskoa. “Lehenengo diskoa maketa gisa ikusten dugu orain; bigarren honek ez du zerikusi handirik, musika estilo asko daude, eta kantu batetik bestera aldaketa handia dago, eta prozesu hori hasi baino ez dugu egin”, esan du Eneko abeslari eta gitarra jotzaileak.

Diskoan hainbat kolaboratzaile izan dituzte, tartean, La Pegatina talde katalaneko Adria eta Ruben. Katalanek Kukutza gaztetxea ardatz duen Amets Fabrika kantuan abestu dute. “Kataluniako talde asko entzuten ditugu, eta hor dago rumba zaletasuna ere”, nabarmendu du Aritz triki jotzaileak.

La Pegatina, Muchachito Bombo infierno, Ojos de Brujo, Joxe Ripiau edo Esne Beltza dira taldearen eraginak. Hortaz, dantzarako eta festarako proposamen egokia. “Gure soinua gaztetxe, plaza zein aretoetan entzun daiteke, denetara moldatzen gara”, esan du Aritzek. Estilo anitzera moldatzeko eta bere egiteko gaitasuna ere erakutsi dute lan honekin

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button