MUSIKA

Kike Morak jazza eta munduko musikak uztartu ditu disko berrian

Kike Mora ibilbide luzeko musikaria da, besteak beste, Korrontzi taldeko baxu jotzailea da, eta Kepa Junkerarekin ere aritu da. Bada, gaur bere alderik sortzaileena biltzen duen Evolución natural (Errabal) lan instrumentala aurkeztu du Bilbon, zeinak fusio doinuak zabaltzen dituen, jazz eta munduko  musikak, hain justu. Musikari, konpositore, irakasle eta ekoizlearen bigarren lana da.

Diskoa etxean grabatu du, Korrontzirekin bira luzeek utzitako tarteetan. Diskoa egiteko, gainera, makina bat lagun-musikariren laguntza izan du: Mikel Romero, Ander Hurtado de Saratxo, Yago Santos, Ibon Jordan, Jagoba Ormaetxea, Naldo Gomes, Kike Gutman, Fredi Pelaez, Josu Erviti, Juan Ortiz, Abraham de Román, Mikel Nuñez Lauzirika, Enrique El Vaca, Tala, Alain Sancho, José Gallardo, Musta Agharban edo Jacomina Kistemaker. “Askatasun osoz jardun dut estudioan, inolako finantzaziorik gabe. Artisauen antzera aritu naiz, eta  askatasun horrek txunditu egin ninduen diskoa nahasten hasi nintzenean”.

Grabazioaren askatasuna ez ezik, Morak diskoaren globaltasuna ere azpimarratu nahi izan du: “Ikuspegi global batetik egina dago, sei urteko ibilbidearen emaitza da, eta emaitza hori zabala da, soinu asko erakusten duena: jazza, flamenkoa, rock, funk.. baina batez ere musika hindua, eta musika meditatiboa nabarmenduko nituzke, bai eta flamenkoa ere; katalogatzea zaila den esparruetan ondo mugitzen naiz”.

Diskoa, gainera, erabat lotuta dago Feedback obra eszenikoarekin, zeinak dantza garaikidea, ahotsa eta musika uztartzen dituen. “Diskoa eta obra elkar elikatu dira”. Kikek zuzenean jotzen du, baxua eta pedalen laguntzaz.  “Feedback-en musika etereoagoa da, baina melodiak, egiturak eta arima antzekoak dira”.  Kontzertu eszeniko hori, hain justu, Bilboko Cupula aretoan taularatuko du Ana Capilla Danza konpainiak , urriaren 22an, BAD jaialdiaren baitan.

Feedback ikuskizunaren harira, Kikek ikerlan bat ere egin du disko honetan, izan ere, baxuaren soinuetan sakondu du,  Feedback-en erabiltzen duen formatutik tiraka, “baxuak sortzen ez dituen bestelako soinuak sortzeko”. Instrumentuarekin esperimentatzeko pasio hori garatzeko, Carles Benavent musikariaren influentziak barneratu ditu.

Kontzertuen harira, Morak iragarri du ostegunean, Bilboko Kafe Antzokian, Evolución natural aurkeztuko duela, eta grabazioan parte hartu duten hainbat musikariren laguntza izango duela agertokian, sarrerarekin diskoa oparituko du. “Festa  bat izango da”, nabarmendu du.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button