LITERATURA

X. Montoiak, P. Zubizarretak eta P. Perurenak lan berriak aurkeztu dituzte

Aste honetan, Durango Azoka heldu baino lehen, aurkezpen dezente egiten ari dira azken nobedadeak zabaltzeko asmoz. Nontzeberrin honakoak jaso ditugu: Xabier Montoiaren ipuin liburu berria: Hondamendia; Patxi Zubizarretaren Laranja bat zaborretan; eta Patziku Perurenaren Hilen xarma. Elkar argitaletxeak atera ditu lan guztiak.

Montoiaren bilduma osatzen duten istorio guztietan txikizioa eta gainbehera dago. Hiru partetan dago zatituta: Hitzaurrea deritzan lehenengoan, “planetaren historian zehar, une eta leku jakinetan gertaturiko deskalabruak kokatzen zaizkigu”. Etorkizun zoragarri honetan izeneko bigarren atalean, “gaur egun kokaturiko hondamenak agertzen zaizkigu, guztiz giro desberdinetan”. Betiko gaua du izena hirugarrenak, eta “etorkizun hurbil nahiz urrun batean irudikaturiko amesgaiztoak” aurkituko ditugu bertan.

Patxi Zubizarretaren ipuina zikinkeriaz betetako munduko herri pobre batean gertatutako istorio harrigarri bezain ederra da. “Toki pobre edo aberats batean ote zauden jakiteko, begiratu zakarrontziei. Zikinkeriaren ordez zakarrontziak ikusiz gero, ez pobre ez aberats izango da: turistikoa, horixe. Zikinkeria zakarrontzirik gabe ikusiz gero, pobrea derrigorrean. Eta jendea zikinkeria artean bizi baldin bada, oso-osoa pobrea izango da”.

Azkenik, Patziku Perurenak, bilketa historiko eta etnografiko itzel baten lekukotasuna eman du: azken 300 urte inguruan, Leitza eta inguruetan gertatu diren heriotza bortitzak ekarri ditu orriotara. Horretarako udal, epaitegi eta elizetako artxiboak arakatu ditu, eta gero herriaren memoria ere jaso du.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button