
Martxoaren 14an plazaratuko Lapurdiko Aguxtin Alkhatek Ihes Egin bere estreinako grabazioa. Orain arte bakarrik aritu bada ere, oraingoan taldea osatu du lan hau grabatzeko eta zuzenean aurkezteko: Willis Drummondeko Xan Bidegain (baxu jotzailea) eta Felix Buff (bateria jotzailea), eta Sister Simone and The Holly Balls eta Okabe taldeetako Julien Labat (gitarra jotzailea) izan dira Alkhatekin estudioan izan diren musikariak.
Diskoa iraupen laburreko EPa izango da, eta sei kantu bilduko ditu. Diskoa irekitzen duen Gau eta egunez kantua dagoeneko musikariaren bandcamp-ean entzun daiteke. Lan hau Usopop Diskak diskoetxeak argitaratuko du, eta 300 ale baino ez dira plazaratuko.
Diskoa iazko martxoaren grabatu zen Atabal estudioetan Patrick Fischer teknikariaren zuzendaritzapean. Lehen aipaturiko musikariez gain, Aguxtin Alkhatek bere kantuak, hitzak, ahotsa, gitarra eta harmonika jarri ditu argitaratzeke dagoen lan honetan.
Alkhatek folk-rock estiloko kantuak idazten ditu, eta bere eraginen artean ondoko artista eta taldeak aipatu ditu: Ruper Ordorika, Neil Young, Unama, Willis Drummond, Weezer, Pixies eta Mikel Laboa.