MUSIKA

Slift taldearen psikodelia entzungo da Irunen eta Zumaian

Toulouse hiriko Slift talde psikodeliko eta hard rock zaleak bi kontzertu emango ditu gurean, asteon: asteazkenean, Irungo Lakaxitan izango dira, eta ostegunean, Zumaiako Torreberri gaztetxean.

Hirukoteak Space Is The Key izenburuko lana aurkeztuko du. Diskoak sei kantu luze biltzen ditu, kraut, hard rock, psikodelia eta space rock estiloetatik edaten dutenak. Taldearen proposamena LSDa hartu duen Black Sabbath taldearekin aldera daiteke, lisergikoa eta era berean, pisutsua. Diskoa oso gomendagarria da, eta kritika onak jaso ditu hedabide espezializatuetan.

Irungo Lakaxitaren arabera, “Toulouseko hirukotea Europako garaje rockaren sorpresetako bat izan zen 2017an. Space is The Key EPa kaleratu zuten Hownlin Banana Recordsekin eta geroztik, han eta hemen ibili dira beraien garajea, 70etako rocka, psickodelia eta krautrocka zabaltzen”.

Aurten, urrian hain justu, iraupen luzeko estreinako lana plazaratuko du Sliftek. Behean txertatu dugun bideoan lan horretako kantu bat entzun dezakezue.

Irungo emanaldiaren harira,  Toulouseko taldearen emanaldiaren ostean, Le Petit K. arituko da diskoak jartzen. “Igeldoko Axi aspaldiko lagun mina etorriko zaigu musika jartzera. Egiako LeBukowski Clubeko sozioetako bat izaki bertako barran urteetan ikusiko zenuten. Musika pintxatzen ez dagoenean, itsasoko uretan murgilduta dabil, lagunekin parrez lehertzen ala dantzan jo eta ke. Hain zuzen, holaxe ibiltzeko aukera emango digu berak oraingoan Lakaxita”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button