
Musika sortzaile berrien plaza eskainiko du Kulturaz kooperatibak antolaturiko Arkupehotsaken zazpigarren edizioak. Musika eta soinuaren inguruan “sortzea, ikastea eta berau plazaratzea” dira proiektuaren lan ildo nagusiak.
Kitziki, Rekiem, Karena eta Pertz taldeek parte hartuko dute, eta Dinamoa sormen guneko Soinuaren Eremua erabiltzeko aukera izango dute. Talde guztiek bi formakuntza saio jasoko dituzte; teknikoa, Jon Badiolaren eskutik, eta artistikoa, Jon Basaguren eta Libe Garcia de Kortazarren eskutik.
Horren ostean, taldeek kontzertua eskainiko dute Sanagustinen.
Kitziki taldeak jai giroko erromeria estiloko musika jotzen du. Duela urtebete sortu zen Elgoibarren eta lehen kontzertua Abaraxka aterpetxean eman zuten 2024ko martxoan. Ordutik, Elgoibarren eta Azkoitian kontzertu ugari eman dituzte
Rekiem metal eta rock doinuak lantzen dituen talde azpeitiarra da. Duela bi urte sortu zen, eta lehen kontzertua Zarauzko Hiruputzu gaztetxean eman zuten.
Karena Antzuola eta Hernaniko taldea da, eta pop eta folk doinuak lantzen ditu. 2022an sortu zen taldea eta hasiera hartan, bi urtez, euskal kantuen bertsioz osatutako kontzertuak ematen zituzten. 2024ko martxoan ordea, lehen diskoa kaleratu zuten.
Pertz 2024. urtean Zumaian sorturiko pop rock taldea da. Ezarritako Arauak izenpean kaleratu zuten lehen lana martxoan, eta 2025ean bigarren disko baten grabaketarekin hasteko asmoa dute.
Diogun moduan, udaberrian Sanagustin kulturgunean, lau talde horien kontzertuak ikusteko aukera egongo da.