ARTEA

“Irudi basati bat” erakutsiko dute Donostian

Gaur, otsailak 28, Irudi basati bat izeneko erakusketa kolektiboa inauguratuko dute, 19:30ean, Donostiako Ekain Arte Lanak galerian. Bertan, emakumezko bost artistaren lanak izango dira ikusgai, erakusketa Festival de miradas de mujeres 2014 Estatuko programaren baitan dago.

Rosa Parma (Barakaldo, 1979), Elba Martinez (Iruñea, 1974), June Crespo (Iruñea, 1982), Lorea Alfaro (Lizarra, 1982) eta Elena Aitzkoa (Apokada, Araba, 1984) dira bost artista euskaldunak. Bost horiek askotariko lanak paratuko dituzte: fanzine, bideo, eskultura, marrazki, marrazki, arte grafiko eta pinturak. Lanok apirilaren 5era arte izango dira ikusgai.

Bost artista horien artean dagoen June Crespo nafarra, halaber, Bilboko Bulegoa z/b-n izango da, martxoaren 5ean. Crespok Hamaikagarren ikasgaia: Akoplatzeak, distirak eta beste gainezkatze batzuk lana aurkeztuko du OHO programaren baitan; eskulturaren ekoizpen eta pertzepzio prozesuen ingurukoa da, hain zuzen ere.

Artistaren hitzetan, “Eskulturarekiko interesa abiapuntu hartuta, izaera performatibo nabarmena duten ikus-entzunezko lan batzuetara hurbiltzeko proposamena egin nahi dut. Jon Mikel Euba, Sandra Cuesta, Iñaki Garmendia, Inazio Escudero eta Elena Aitzkoa bezalako artisten lan batzuk dira, besteak beste, tesia prestatzeko egiten ari naizen lanaren ainguratze-puntuak”.

Show More

Related Articles

Back to top button