MUSIKA

Abadiñon prestatzen ari dira “Koba Live” jaialdiaren edizio berria

Asko falta bada ere, Koba Live jaialdiaren edizio berria prestatzen ari dira Abadiñon.  Irailaren 20an egingo den Koba Live jaialdiak talde bi gehiago baieztatu ditu, eta euskal taldeen presentzia bermatuko du. Horretarako euskal metalean erreferentziazkoak eta hard-rock eszenako taldeak hurbilduko dira: Asgarth eta Moonshinerds taldeak.

Asgarth 1997an Añorgan sortu zen taldea da. Boskotearen hastapenetan entzuleen saria eskuratu zuen Gaztea Sarietan, Jainkoen Egoitza (1999) lanari esker. Hiru disko gehiago egin zituzten, eta 2007an taldeak behin-behinean utzi zituen oholtzak. 2020an, berriz juntatu ziren eta 2022an bosgarren diskoa kaleratu zuten, Zeldatik izenekoa.

Moonshinerds orain dela 16 urte sortu zen, 2009an hain zuzen. 10 urte igaro ziren Durangon errotutako taldeak lehen lan propioa kaleratu zuen arte, taldearen homonimoa. Aurten,  jaialdiko oholtza zapaltzeko irrikaz daudela adierazi dute.

Talde bi horiekin batera beste askok kontzertu ederra egingo dute, tartean, Eclipse, Wolfheart, Suicidal Angels, The Electric Alley eta Before The Dawn.
Antolakuntzak aurreratu duenez, oraindik kartela “ez da zarratu”, beraz, adi egon beharko da ea nork osatzen duen kartel definitiboa.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button