
Irailaren 11tik 26ra, Elgoibarreko Kultur Etxean Mikel Bastida argazkilariaren eskutik Anarene erakusketa izango da ikusgai.
Mikel Bastidak (Bilbo, 1982) aspalditik izan du interes sakona historian eta zineman, eta biak izan ditu inspirazio-iturri. Anarene lanak “modu poetikoan aztertzen du kontakizun zinematografikoek Estatu Batuetako paisaien eta errealitate fisikoen eraikuntzan izan duten eragin sakona. Texasko iparraldeko herrixka bati dagokion izena da Anarene, Peter Bogdanovichek 1971n Larry McMurtryren The Last Picture Show eleberrian oinarrituta egin zuen filmean agertzen dena. Zuri-beltzean filmatutako obra horretan, 1950eko hamarkadaren hasieran helduarora iristen ari den gazte talde baten istorioa kontatzen da, kulturalki zein ekonomikoki gainbeheran dagoen hiri batean. Egileak herrialdea zeharkatu du zinemak atzean utzitako irudi eta istorioen bila”.
Grinak bultzatuta, Bastidak zortzi urte eman zituen zinemak atzean utzitako lekuak dokumentatzen: pantaila handian betikotuak izan ziren herri, kale eta eraikinak. Gaur egun, itxuraz denboran izoztuta geratu diren leku horiek, behinola existitu zen Amerika sinbolitzatzen dute.
Erakusketak ahaztutako pertsonak eta objektuak irudikatzen ditu eta haien istorioek periferian diraute, lapurtutako denbora eta espazio batean harrapatuta. Kamerak alde egin eta gero ere bertan geratzen diren pertsonak eta lekuak, zentzu figuratuan zein literalean abandonatuak. Kalitate handiko inpresioak dira, Bastidaren pasadizo erakargarriekin osatzen direnak, formatu ertaineko irudi gordin baina aldi berean sentikor eta ederrak; pertsonak eta lekuak diren bezala erretratatzen dituztenak.



