
Mikel Sotok Mirande: herriminez, ezin-minez lana plazaratu zuen joan den urtearen hondarretan. Lan hori idazle horri buruz egin den ikerketarik sakonena da.
Duen garrantziagatik Elkar argitaletxeak eta Deabruaren Eskolak hitzaldi-ziklo bat antolatu dute lan hori lau haizetara zabaltzeko Euskal Herri osoan zehar.
Saio bakoitzean, Miranderen bizitzaren, pentsamenduaren eta literaturaren alderdi bat jorratuko dute hainbat hizlarik.
Apirilaren 16an abiatu zen zikloa Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean. Han, Mikel Soto eta Jon Alonso bildu ziren. Apirilaren 22an, Gasteizeko Montehermoso Kulturuneko Ortuño Aretoan, Miranderen gaineko ikerketak eta eztabaidak: blokeoak, urratsak, beharrak eta erronkak izeneko saioan parte hartu zuten Mikel Sotok eta Miel Anjel Elustondok. Donostiako Fermin Calbetoneko Elkar dendan, Mikel Soto eta Amaia Elizalde bildu ziren Haur Besoetakoa: gaurkotasuna eta etorkizuna gaia jorratzeko.
Bergaran, Euskera Gabeko Abertzaletasuna Zorokeri Utsa: Miranderen Euskaltzaletasuna eta Abertzaletasuna saioa burutu zuten Mikel Sotok eta Irati Jimenezek.
Gaur, hilak 27, Maule-Lextarren izango da Mikel Soto Jon Mirande, Poeta Zuberotarra izeneko saioa egiteko. Herri horretako Hebentikenean izango da hitzordua, 18:30etik aurrera.
Hurrengo saioa Lakuntzan izango da. Mirande arazo ala gu? Jon Mirande gure arbasoen gelan izenekoa egingo dute Mikel Sotok eta Irati Jimenezek.
Bilboko Bira kulturgunetik ere pasatuko da Soto, kasu horretan Katixa Agirre eta Galder Perezekin batera, Mirande Euskal Kulturan: Iraunkortasunak eta Biziberritzeak gaia jorratzeko. Hitzordu hori ekinaren 14an izango da.



