
Altzako Bertso Aroa apirilean abiatu zen bertso bazkari batekin. Maiatzean bi ekitaldi ere programatu dituzte antolatzaileak.
Hala, aste honetan, maiatzaren 27an, Esne Berriketan bertso saio literarioa egingo da Tomasene Kultur Etxean 19:00etan. Esne-Berriketan (Elkar) Uxue Alberdik eta Begoña Durruty ilustratzaileak kaleraturiko lana da. Garrantzirik gabeko solasa omen da esne-berriketa. Sarrien, emakumeen arteko mintzoari deitu izan zaio. Lan honetan norbaitek ahoz kontatu, idazleak belarriz jaso eta idatziz emandako kontakizunak jasotzen dira, emakumeek bizi izan eta kontatutakoak. Kontakizun bakoitzak izan nahi du berba-habia bizi bat, eta bata bestearen atzean jarrita, narraziook unibertso bat osatzen dute, paisaia bat, ahotsez eta mugimenduz betea.
Liburua aurkezteko zenbait bertso-saio literario antolatu dira Iban Urizar Amorante musikariarekin eta Oihana Iguaran eta Nerea Ibarzabal bertsolariekin.
Eta igandean, maiatzaren 31an, bertso jaialdia izango da Plaza Gorrian, 18:00etan. Gai jartzaile lanetan Ainhoa Urien arituko da eta lau bertsolari gonbidatu dituzte: Andoni Egaña, Elixabete Etxandi, Alaia Martin eta Aitor Bizkarra.
Zikloak jarraipena izango du udazkenean.



