
Aurtengo Txapel Reggaek Brasil, Frantzia, Kanada, Jamaika, Menorca eta Euskal Herriko artistak bilduko ditu uztailaren 18an, eta guztiek zabalduko duten musikaren magiak Armintza blaituko du.
Jah Mason, Junior Dread, Dactah Chando, Rudymentari eta Steady Rockets izango dira gaueko zuzenekoen protagonistak Biobizz Portua Stagen.
Jah Mason, azken hamarkadetako Jamaikako roots reggae ahots garrantzitsuenetako bat izango da aurtengo izarra. Armintzara Riddim Factory Band taldearekin iritsiko da. Brasildik etorriko da Junior Dread, Jamaikako erroak eta Brasilgo nortasun musikala haizatzeko prest.
Dactah Chando Kanarietako reggae eszenako izen nagusietako bat da, eta Armintzan Reset lana aurkeztuko du.
Rudymentari Menorcatik ailegatuko da. Nortasun propioari eustea eta tokiko kultura zaintzea dira bere helburuak.
Steady Rockets taldeak ska, rocksteady eta reggaea euskararekin eta euskal folklorea uztartzen ditu, eta Jamaikako musikak Euskal Herrian ere sustrai sendoak dituela erakutsiko du.
Bestalde, berritutako Spannabis Dub Stage guneak hamabi orduko sound system egitaraua eskainiko du, Blackboard Jungle eta Irie Ites nazioarteko erreferenteekin. Aurtengo berrikuntza nagusietako bat Txiki Yard izango da. Familia osoarekin jaialdiaz gozatzeko sortutako espazio berria da.
Nabarmentzeko ere bada Herrimin feat. Beñaranks euskal errepertorio herrikoia eta reggae eta dubaren hizkuntza hibridatzen dituena.
Beste gauza askoren artean ere ohikoa den kale-animazioa aipatu behar da, eta kasu honetan Batukale Samba taldearen kalejirak emango dio hasiera egunari. Horrez gain, Afro-hiri dantzetan espezializatuta dagoen African Vibes Dance Bilboko kolektiboa ere izango da bertan, Jamaikako musikaren eta Afrikako sustraien arteko loturak lau haizetara zabaltzen.
Larunbatean, Euskal Herriko jaialdirik ederrenetako bat duzue Armintzan: Txapel Reggae.



