
Mendi Tour BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia nazioarteko jaialdiko film onenen zirkuitu ibiltaria, bihar, hilak 16, Zaldibarko Liburutegi Zaharrean izango da 18.30etik aurrera. Ostiralean Azkoitia bisitatuko du, eta hil honetako azken saioa Agurainen izango da, hilaren 23an. Ekainera arte luzatuko da zirkuituaren urteko lehen zatia, gero berriro irailetik azarora martxa hartzeko.
Betiko legez, mendiko film onenekin gozatzeko aukera eskainiko du ekimenak, publiko orokorrarentzat, dokumental zinemazaleentzat eta mendizaleentzat. 2025eko Mendi Film jaialdian estreinatu eta nabarmendu ziren hainbat film proiektatuko dira, guztiak ederrak, motibagarriak, amets egitera bultzatzen dutenak, eta ikuslea abenturarantz eramaten duten soinu bandekin.
Pertsonaia ospetsuak ageriko zaizkigu pelikuletan: Liv Sansoz eta Zeb Roche K2 Mon Amour lanean; Karina Carsolio eta Hillary Gerardi Cantos y Flores piezan; eta Mikel Saez de Urabain eta Iker Uranga Izarren zaunka filmean, Nagore Eceiza donostiarrak zuzendutakoan. Christina Lustenberger, Chantel Astorga eta Jim Morrison alpinista eta eskiatzaileak Trango pelikulan; Stefano Ragazzo eskalatzailea Eternal Solo pelikulan; Janina Kuzma eskiatzailea Dear Superhero pelikulan; eta Oscar Etxebarria eta Carlos Arranz espeleo-buzeatzaileak Aldabide pelikulan.



