
Izenburu horrekin argitaratu da Santiago Onaindia bekaren XIII. edizioan saritu zen lana. Beñat Sarasolak egin du literatura aldizkarien azterketa sistemikoa egitea helburua zuen ikerketa.
Amorebieta-Etxanoko Udalak eta Ametx erakunde autonomoak, Labayru Ikastegiak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Santiago Onaindia bekaren XIII. edizioan irabazle izan zen lanaren argitalpena aurkeztu zuten atzo.
Beñat Sarasolak gai hau jorratu nahi izan du: XX. mendean, eta batez ere 36ko gerraren ondorenean, literatura aldizkariek garrantzi funtsezkoa izan zuten euskal sistema literario modernoaren osaeran, eta gaur egun gure literaturaren erdigune den belaunaldiarentzat (40ko eta 50eko hamarkadetan jaioak) ezinbesteko bitarteko eta heziketa literarioa izan ziren. Lanak bi ikerketa esparru izan ditu. Alde batetik, literatura aldizkarien azterketa sistemikoa eta bestetik, literatura aldizkari horien azterketa testual-estetikoa.
Bestalde, Amorebieta-Etxanoko Udalak XIV. edizioaren proiektu irabazlearen berri eman zuen atzoko ekitaldian. Gorka Mercero adituak honako lana proposatu du: Mundu-ikuskerak euskal narratiba garaikidean: modernitatearen krisitik postidentitatearen promesera. Bertan euskal narratiba garaikideak izandako eboluzioaren irudi orokorra eskaini nahi izango du.
Gorka Mecero Euskal Filologian Lizentziatua da EHUn, eta Doktorea Euskal Literaturan 2012 urtean EHUn. Gaur egun University of Liverpooleko Euskal Gaietako Irakasle Titularra da.