
Donostiako Tabakalerak Nāfidha. Magreb irudikatua abiatu du ekainaren 14ra arte. Ekimenak proiekzioak, ikus-entzunezko instalazioak, zinema emanaldiak, kontzertuak, tailerrak eta hitzaldiak bilduko ditu xede argi batekin: migrazio-prozesuen ondoriozko identitatearen konplexutasuna eta pertenentzia-sentimendua aztertzea.
Programazioa eztabaida-gunea ere izango da. “Kultura-eragileek, kolektiboek eta artista gonbidatuek ikus-entzunezko lanak erakutsiko dituzte Tabakalerako erakusketa-areto nagusian. Honako hauek parte hartuko dute, besteak beste: Fermin Muguruza musikari eta zinemagilea, Tabakalerako Harrotu Ileak kolektiboa, Sarah Mounia Kachiri eta Rim Mejdi (Maroko) komisario eta zinemagileak, eta Elías Querejeta Zine Eskolako Lerrokatu gabeko zinema-artxiboak ikerketa-taldeko kideek.”
Martxoaren 24a eta apirilaren 12a bitartean, erakusketa-aretoan Zinea benda gisa eta denborazkotasunak postkolonialismoan proiektatuko da, Sarah Mounia Kachiri (Film w Glissa kolektiboa) eta Rim Mejdi (SAAED Meetings) zinemagile marokoarrak komisario dituen hiru film laburrez osatutako programa.
Apirilaren 14tik maiatzaren 3ra bitartean, Elías Querejeta Zine Eskolako Lerrokatu gabeko zinema-artxiboak ikerketa-taldeak, Léa Morin programatzaile eta ikertzailea buru duela, Rabia Teguia. A cinema of Ruptures izeneko ikus-entzunezko programa aurkeztuko du. Egun berean, Tabakalerak solasaldia antolatu du Rabia Teguia zinegilea eta Léa Morinen artean. Maiatzaren 13an, Tania Safura Adam ikertzaileak Espainia Beltzetik Artxibo Beltzetara, edo nola konpondu etorkizuna hitzaldia emango du.
Maiatzaren 5etik 24ra bitartean, Fermin Muguruzak, Ireki leihoak izenburupean, migrazio, memoria eta erresistentzia kulturaleko esperientziei lotuta soinu-dimentsioa, dimentsio dokumentala eta politikoa emango dio programari. Next Music Station (2011) dokumental sortaren hautaketa bat proiektatuko da, Maroko, Tunisia, Egipto eta Libanori eskainitako kapituluekin, baita Checkpoint Rock. Abestiak Palestinatik dokumentala ere.
Maiatzaren 6an Gazteria, migrazioa eta subiranotasun narratiboa: nork kontatzen du Maroko gaur egun? mahai-ingurua egingo da; Soraya Aybar Laafou kazetaria izango du moderatzaile eta Zineb Koutten eta Zainab Fasiki sortzaile marokoarrek parte hartuko dute.
Maiatzaren 26tik ekainaren 14ra, Harrotu Ileak kolektiboak identitatean eta migrazioan oinarritutako programazioa aurkeztuko du erakusketa-aretoan. Hiru film kolektibo eta Nabil Aniss eta Lucía Feuillet artistekin batera egindako bideo-instalazio bat izango dira ikusgai.
Ekainaren 3an topaketa bat egingo da, “pertsona guztientzat (bereziki zaurgarrienak direnak edo kultura-testuinguruetan espero ez direnak) irekiak eta abegikorrak diren kultura-erakundeak posible egiteko moduei buruz hausnartzeko eta proposamenak egiteko”.



