
Bizkaiko Batzar Nagusietako erakusketa aretoan, E3 Euskal Emakume Eskultoreak elkarteak antolatua, Escultoras aquí ahora – Eskultoreak hemen orain izeneko erakusketa kolektiboa paratu da martxoaren 3tik apirilaren 24ra arte.
Zeramikarekin lan egiten duten artisten presentzia nabarmena izango da bertako erakusketan, izan ere, euskal emakume eskultoreen lanean oinarritzen da ekimena.
Eskultoreek, narratiba berritzaileen bila, egungo artearen irakurketa kritikoa aztertu behar dute, erresistentziarako, hausnarketarako eta eraldaketa sozialerako espazio gisa. Ikertu gabeko lurralde ugari dago oraindik diskurtso normatibo eta nagusiak zalantzan jarri ahal izateko, eta orain arte isilarazi eta baztertu diren bestelako subjektibitate eta narratibak ikusgarri egin ahal izateko.
E3 Euskal Emakume Eskultoreak Elkarteko artistek beren narratiba eta gai anitzen bidez, kritika eta hausnarketa erabili ahal izango dituzte bizitzea egokitu zaigun mundu konplexu hau ulertzeko ezinbesteko tresna gisa, eta artea ezagutzarako bitarteko gisa erabili, feminismoarekiko ezinbesteko loturarekin. Adimen artifizialaren (AA) erabileran dagoeneko agertzen ari diren erronkei ere aurre egin beharko diete, eta aukera gisa landu, tresna baliagarri modura ulertuta, baina inoiz ez eskultura-prozesuan ordezko gisa: ideiak, prototipoak eta zirriborroak sortzeko. Betiere, ezinbestekoa izango da sentsibilitatea, asmoa, helburua eta egiletzaren garrantzia, jardunbide egokien eta etikaren kodeen funtsezko oinarri bezala.
Erakusketaren gaineko xehetasun guztiak, hemen.



