
Martxoaren 12tik 22ra arte luzatuko da Bilbaopoesia jaialdiaren 27. edizioa, non Bidebarrietako Liburutegian, Euskal Herriko, Estatuko eta nazioarteko lehen mailako poetak bilduko diren.
Jaialdiaren barruan, Blas de Oteroren Eguna ospatuko da, martxoaren 15ean, igandea, eta Charo López aktoreak egile bilbotarraren poemak irakurriko ditu, Luis Santana baritonoaren musikak eta Víctor Carbajoren pianoak lagunduta. Era berean, Poesiaren Munduko Egunean, martxoaren 21ean, larunbata, Sheila Blanco abeslari eta konpositoreak kontzertua eskainiko du Bidebarrietako Liburutegian, 27ko Belaunaldiko poetak omentzeko.
Jaialdian Ruxandra Cesereanu, Corina Oproae, Miren Agur Meabe, Luis Alberto de Cuenca, Miriam Reyes, Marta Sanz, Hugo Mújica, Eloy Sánchez Rosillo, Rómulo Bustos, Kepa Murua eta Niño de Elche artistak ere izango dira, besteak beste.
Lehen egunean, martxoak 12, bi poeta errumaniar, Ruxandra Cesereanu eta Corina Oproae, eta Miren Agur Meabe euskalduna, Códigos De Mujer izeneko errezitaldia eskainiko dute.
Aipagarria da, besteak beste, martxoaren 14an antolatu den Que no acabe este blues saioa. Bertan, Carlos Aganzo eta Blanca Sara arituko dira, Naiel Ibarrolaren musika eta ilustrazioekin.
Era berean ezin aipatu gabe utzi Poemas cuerpo adentro izenekoa. Bertan, Miriam Reyes galiziar poeta, Marta Sanz idazlea, Leire Bilbao eta Castillo Suárez euskal idazleak arituko dira poemak irakurtzen.
Di-Versos izeneko saioan (martxoak 19), jatorri ezberdineko hiru poetek, Ángelo Néstore italiarrak, Berta García Faet valentziarrak eta Hasier Larretxea nafarrak, hizkuntza poetikoen aberastasuna eta aniztasuna erakutsiko dute beren errezitaldian.
Programazio osoa hemen kontsultatu ahal duzue.



