
Datorren igandean, hilak 18, Mendi Film jaialdiko Mendi Tour zirkuituak Getarian izango du geltokia film sorta eder bat eskaintzeko. Betiko legez, mendia, abentura, muturreko kirolak eta natura gaiei buruzko pelikularik onenak ikusteko aukera eskainiko du ekimenak bertako Iturzaeta Aretoan, 18:00etan hasita.
Hitzordu horretarako lau pelikula programatu dira, hiru euskal produkzio eta estatubatuar bat: Izarren Zaunka lanak Txindokiko ertza du agertokia, haren hormetan eskalatzaile bi, Mikel Saez de Urabain eta Iker Uranga. El Santo Films ekoiztetxearen lana da, Nagore Eceizak zuzendua.
Aldabide Gorbeiako Itxinako barrunbeetan dago kokatua. Espeleo-buzeoa eta esplorazioa, Jon Mendizabal zuzendariaren lanean.
Trango filmak Karakorumgo Trango Dorre Nagusian eginiko mutur- muturreko jarduera kontatzen du: haren tontorreraino heldu, eta hura eskietan jaistea lortu duen lehen espedizioa.
Eta azkenik, Un día al año film txundigarria ikusteko aukera izango dute bertaratuko direnek. Atxarteko horma ikonikoetan eskaladaren eta bizitzaren poztasunaz hausnartzeko gonbitea luzatzen duen lana da, Alfonso Garcíak zuzendua. Atxarteko Iñauteria bezala ezaguna den urteroko bilkura dokumentatu du lan horrek. Bizitzari eginiko kantu eder bat.
Getariakoaren ostean, urriko saioak Tafallan (21ean), Bilbon (23an), eta Markina-Xemeinen (25ean) egingo dira.



