
Tabakalerak Zineb Sedira (Paris, 1963) artista frantziar-aljeriarraren Standing Here Wondering Which Way to Go (Hemen zutik, zer bide hartu nire buruari galdezka) erakusketa abian jarri du, eta ekainaren 14ra arte ikusgai izango da.
Rita Fabianak eta Ane Agirre Loinazek komisariatu duten erakusketak “Aljeriako, Afrikako kontinenteko eta diasporako hirurogeiko hamarkadako utopien inguruko hausnarketa proposatzen du, baita kultura eraldaketa sozialerako tresna gisa kokatu zuten nazioarteko askapen-mugimenduen inguruan ere.” Izan ere, “Sediraren praktika artistikoak migrazioa, memoria eta kultur transmisioa ditu ardatz. Kontakizun kolektibo eta pertsonalen bidez -batzuetan autobiografikoak dira-, historia ofizialeko narratiba nagusiak zalantzan jartzen ditu eta identitateari eta erresistentziari buruzko irakurketa berriak proposatzen ditu2.
Erakusketaren izenburua, Standing Here Wondering Which Way to Go, Marion Williams gospel abeslari afroamerikarrak jaialdian bertan interpretatutako abestitik dator. Hainbat belaunaldi markatu zituen bilaketa eta konpromiso politikoaren uneari egiten dio erreferentzia esaldiak.
Erakusketa lau ataletan banatzen da eta bideoa, argazkia, objektuak, dokumentuak eta musika integratzen dituen instalazio gisa egituratzen da. Way of Life (Bizimodua): eskala errealeko diorama bat da, eta Sediraren Londresko etxebizitza-aretoa irudikatzen du.
For a Brief Moment the World Was on Fire… (Une labur batez munduak su hartu zuen…) artistak bildutako aldizkariak, egunkari zatiak, argazkiak, adierazpen politikoak eta artxiboko materialak uztartzen dituen fotomuntaketa eta objektu sorta da.
We Have Come Back (Itzuli gara) artistaren protesta-abesti eta kanta militanteen biniloen bilduma pertsonalaren hautaketa da. Eta Mise-en scène (Eszenaratzea): hirurogeiko eta hirurogeita hamarreko hamarkadetan Aljerreko Zinematekan proiektatutako film iraultzaileen negatiboekin eraikitako ikus-entzunezko pieza da.
Erakusketaren edukiak zabaltzeko jarduera-programa betea eskainiko du Tabakalerak: elkarrizketa bidezko bisitak, familientzako arte-tailerrak eta arte garaikidera hurbiltzeko saioak.



