IKUS-ENTZUN

Bilbao Mendi Film Festival gaurtik aurrera

Gaur berton hasiko da abenduaren 20ra bitartean luzatuko den mendi eta abentura kirolen inguruko Bilbao Mendi Film Festival zinemaldiaren zortzigarren edizioa.

Inaugurazio egunean, abenduaren 11n, Meru filma proiektatuko da lehenengo aldiz Europan. Lan honek, Sundanceko jaialdian (AEB) ikusleengandik dokumental onenaren saria jaso zuen.

Horren ostean mendi eta abentura mota guztiek izango dute txokoa aste osoan zehar, pelikuletako irudi bizigarriekin eta muturrera eramaniko esperientzien protagonisten eskutik. Guztira 43 pelikula (sail ofizialean), eta beste hiru lan (lehiaketatik kanpo) ikusi ahalko dira. Azken horien artean Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza alpinistek osatutako WOPEAK espedizioaren inguruko 2T on Chamlang delakoa nabarmentzen da.

Programazio guztia, zein film, non eta noiz hobeto jakiteko, egin hemen klik.

Baina pelikulez gain beste hainbat ekimenekin gozatuko ahalko da. Alberto Iñurrategi mendizalearen eta Eneko Atxa sukaldariaren arteko solasaldia; Adam Ondra munduko eskalada txapeldunaren konferentzia; Imanol Marrodan artista eta argazkilariaren mintzaldia, …

Eta eskalada ez da faltako, Bilboko PIUGAZ zentroak abenduaren 20an, eskalada publiko orokorrari hurbiltzeko, bere ateak irekiko ditu; Mendiklik argazkilaritza ikastaroa ere egongo da, eta abar eta abar.

Egunen batean saioak galtzen badituzue, ez arduratu, abenduaren 20an amaituko da jaialdia saritutako pelikulen non-stop saioekin. Egun horretan, 17:15etako emanaldian, sariak banatuko dira.


 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button