
Munduko Poesia Kaierak beste autore bi gehitu ditu bere bildumara: Antonia Pozzi eta Nazim Hikmet poetak. Gaur berton, Susa argitaletxeak Donostiako Plaza Berriko Liburutegi Zaharrean aurkeztu ditu. Antonia Pozziren poemak Joannes Jauregik itzuli ditu, eta Nazim Hikmet poetarenak Gotzon Barandiaranek.
Argitaletxeak berak luzatu ditu bi poeten gaineko datu zehatzak: Antonia Pozzi (1912-1938) XX. mende hasierako italiar poeta izan zen, 1912an Milanen jaioa. Gailurrak eta magalak, basoa, likena, zeruak: Pozziren obran natura da jokaleku. Baina natura, norbere burua bezala, berdin suerta liteke hurbila eta lagunkoia zein urruna eta arrotza: isolamendu garratza darie bere poema batzuei; sarri, gainera, giro oniriko batean bilduta. Gazterik hil zen, 1938an, eta bizi zen artean ez zuen publikatu poema bakar bat ere.
Nazim Hikmet (1902-1963) XX. mendeko turkiar poeta handienetakotzat jotzen da gaur egun. Goi-klaseko familia batean jaio zen Tesalonikan, 1901ean. Gaztaroan Anatolian eskola txiki batean irakasle egindako urteak, ordea, berea ez bezalako Turkia bat jarri zion begien aurrean eta betiko konprometituko zen komunismoarekin. Horren ondorioz, hamabi urtez egon zen kartzelan eta erbestean hil zen, Sobietar Batasunean, 1963an. Hikmetek ordura arteko poesia molde zaharkitu eta elitistekin hautsi, eta herriaz eta herriari zuzenean mintzo zitzaion idazkera bat proposatu zuen. Haren poemak gizakiaren duintasunaz mintzo dira.
Hemen ikusi ahal dituzue kaiera guztiak.



