ARTEA

Euskal baserriaren iraganaz, orainaz eta etorkizunaz hausnartzeko

Euskadiko Arkitektura Institutuak Baserria. Egurra, harria, mitoa, orain izeneko erakusketa izan du orain gutxira arte, eta orain, Igartubeiti Baserri Museora iritsi da, datorren urteko hainbat hilabetetan berarekin gozatzeko. Ibon Telleria Julian arkitektoa eta EHUko Donostiako Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko irakasleak, eta Jon Arcaraz Puntonet Donostiako Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko proiektu arkitektonikoen irakasleak komisariatu dute.

Baserria mendetan zehar egokitzen eta eraldatzen jakin duen arkitektura bat izan da, eta hor, bere historia aztertzen da, “imajinario kolektiboan iraun duen irudi erromantizatuaz harago”.

Erakusketaren antolatzaileek adierazi zuten moduan: “erakusketa honekin Euskadiko Arkitektura Institutuak Euskadiko landa-ingurunean eraikitako ondarearen balioa nabarmendu nahi du, balio arkitektonikoa azpimarratuz. Aldi berean, erakusketa hau euskal baserriaren iraganaz, orainaz eta etorkizunaz hausnartzeko gonbidapena da”.

Erakusketa-proposamena erakusketari izenburua ematen dioten 4 esparruetan banatzen da: zura, harria, mitoa eta oraina. Egurrari eta harriari eskainitako atalean, Arkeolan Fundazioak dendrokronologiarekin (zuhaitzetan denbora aztertzen duen zientzia) egindako ikerketen emaitzak eta dolare-baserrien jatorrizko itxura birtualki berreraikitzea ahalbidetu duten ikerketa arkeologikoak aurkezten dira.

Erakusketaren bigarren zatiak XVI. mendeko krisi ekonomikoak lurraldearen bilakaera arkitektonikoan inflexio-puntu bat markatu zuela erakusten du, harria elementu konstrusktibo nagusi bihurtuz. Eraikuntzako iraultza harria material nagusi gisa erabiltzen hastea izan zen. Baserrien eraikuntzan erabiltzen ziren harri landu motak erakusten dira aretoan. Horren ostean, XIX. mendean, landa-eremuan aldaketa etorri zen, bai eta baserriaren eredu tradizionalaren pixkanakako gainbehera ere.

Baserria. Egurra, harria, mitoa, orain erakusketak baserriek egungo etxebizitza-krisian izan dezaketen zereginari buruzko hausnarketa ere zabaldu nahi du.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button