
BBK Mendi Film Bilbao Bizkaiak bultzaturiko Mendi Tour ekimenak jaialdiaren film onenak aurkeztuko ditu azaroan Euskal Herriko hainbat herritan, abenduaren 5etik 14ra burutuko den bere 18. edizioaren atarian.
Hala, aste honetan, hilak 5, Tafallako Kulturgunean izango da ekimena, eta honako film hauek ikusteko abagunea izango duzue: Haize Lerroak, Peligro no asomarse eta Of a Lifetime. Aipaturikoen artean, guk Haize Lerroak nabarmendu nahi dugu, Janire Etxabe dantzariak eginiko euskarazko film ederra.
Janire Etxabek, lau urteetan zehar Euskal Herriko mendi eta baso esanguratsuenetan egindako dantza lerroak dokumentatzen ditu. “Amets batek, sentimendu batek aldatu daike paisaia? Dantza bertikala probatu neban momentutik argi izan neban bide honetan jarraitu gura nebala. Geure etxean, mendietan, hegaz, zintzilik. Definitzen ez dan sentimenduaren bilaketa etengabean”.
Aste honetan ere Errenteria, Sopelan eta Elgoibar herrietan izango da ekimena, eta datorren astean Basauri, Oñati eta Galdako herriak bisitatuko ditu.
Jakingarri guztiak BBK Mendi Film Bilbao Bizkaiak ditu.



