LITERATURA

Ekaitz Herrerak irabazi du Augustin Zubikarai nobela lehiaketa

Ekaitz Herrera idazle abadiñarrak irabazi du Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Augustin Zubikarai saria. Epaimahaia Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osatu dute eta, hogeita bost lanen artea Herreraren “Hondar baten arre” lana aukeratu dute irabazle moduan. Augustin Zubikarai saria, bederatzi urtez nobela laburrentzako lehiaketa izan zen baina, 2010ean formatuz aldatu eta nobelak sortzeko beka bihurtu zen.

Zortzi mila euroko sariaz gain, nobela Elkar argitaletxearen eskutik argitaratzea ere dago sariaren barruan, beraz, datorren urterako eskuragarri izango da liburu-dendetan nobela saritua. Saria aurreko asteko ostiral arratsaldean eman zitzaion, Ondarroako Kofradia Zaharrean, Literatur Amuak jardunaldien barruan, eta ekitaldi berean aurkeztu zen iazko proposamen irabazlearen argitalpena, Julen Apellaren “Sakelako bihotzak” eleberria (argazkian ikusi daitekeena).

“Hondar batean arre” nobelak Mattin aurkezten digu, 60 urteko gizonezkoa, ospitalearen aurreko postuan loreak saltzen dituena. Negozioa txarto doala-eta, kalean ikusiko du bere burua, eta bizileku berri bat topatuko du, ikasle-pisu batean. Ia berrogei urte gazteagoak direnekin bizitzen ikasi beharko du, haien kodeak ezagutu, ohitura berrietara ohitu. Eta, horrekin batera, bizi osoan inoiz maitemindu ez den eta hori zer den ere ez dakien gizonak bere burua hobeto ezagutu eta deskubrituko du, baita bizitzaren etapa berri bati ekin ere.

Epaimahaiak, besteak beste, lanari darion umorea azpimarratu du, idazkera dotorearen erabilera, elkarrizketen freskotasuna, erritmo bizia eta hizkuntzarekin jolasteko trebezia.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button