
Iruñeko Udalaren eta Euskal Idazleen Elkartearen eskutik, urriaren 4 eta 18an, Iruñeko Kondestable jauregian, Hitza eta irudia izeneko literatur tailer monografikoak antolatu dira. Ekimenaren xede nagusia da egile berriek euskarazko literatura sor dezaten sustatzeko baliabideak eskaintzea, bai eta idazleek elkar ezagutu eta prozesu eta dinamiken jabe egitea ere.
Antolatu diren tailerrak honako hauek dituzue: Album Ilustratuak: Hitzen eta irudien arteko dantza (irailaren 20an izan zen hau). Zein da hitzaren eta irudiaren pisua album ilustratuan? Nola elikatzen dira? Zer kontatzen da bakoitzaren bidez? Oinarri teoriko batzuk landu zituzten tailerraren lehen zatian, betiere adibide konkretuekin, albumak irakurtzen trebatu asmoz. Bigarren zatia praktikoagoa izan zen eta hainbat ariketa egin zituzten. Ilustrazioetatik abiatuta testuak sortzen saiatu ziren. Ane Labaka Mayoz (Lasarte-Oria, 1992) bertsolaria eta idazlea izan zen dinamizatzailea.
Urriaren 4an Eleberri Grafikoak izenekoa abiatuko da Yurre Ugarte idazlea eta gidoilariaren eskutik. Nola garatu istorioaren erritmoa irudia eta hitza erabilita? Nola sortu isiltasuna eleberri grafiko batean?
Azkenik, 18an, Poesia eta Irudia izeneko tailerra Iosune de Goñi García idazlea, argazkilaria eta itzultzaileak emango du. Zein harremana du poemak eta irudiak? Nola jasotzen du irakurleak? Tailer honetan poesia eta irudiaren arteko harremana landuko dute: hitzek marrazten dituzten irudiak, poema baten abiapuntu bihurtzen direnak edo irakurlearen irudimenean sor daitezkeen errealitate anitzak.
Informazio gehigarria hemen.