
Aste honetan, irailaren 10etik 14ra, 41. Getxo Folk jaialdia antolatu dute erritmo tradizionalak eta beste estilo batzuk lau haizetara zabaltzeko, Muxikebarrin, Areetako Geltokia plazan, Ereaga hondartzan eta beste toki batzuetan. Izan ere, aurten, Getxo Folk jaialdiak 13 emanaldi hartuko ditu, horietatik 5 ordainpekoak eta gainerakoak doakoak.
Lehen egunean, hilak 10, Xabier Zeberio musikaria Pause proiektuarekin etorriko da. Xabier Zeberioren bakarkako lehen lan horrek 9 pieza biltzen ditu eta Forbiden Colours diskoetxearen zigilupean ikusi du argia.
Hurrengo egunean, irailaren 11n, Estrella Morente, flamenkoaren eszenako artistaren kontzertua programatu da.
Ostiralean, hilak 12, Capercaillie, musika tradizionaleko eskoziar taldea etorriko da Getxora, bere herrialdeko eta kanpoko erritmo tradizionalak eskaintzera.
Hilaren 13an, Portugalgo Carminho taldearen txanda izango da, eta beti egiten duen moduan, fado eta kantu tradizionalak nahastuko ditu bere errepertorioan.
Azkenik, hilaren 14an, Benito Lertxundiren omenez sorturiko Hunkidura kuttunak ikuskizuna programatu da. Bertan, Mikel Markez, Idoia Asurmendi, Janus Lester eta Mirua taldea arituko dira Kukai Dantzarekin batera.
Aipaturiko Areetako Geltokia plazan aire zabaleko kontzertuak izango dira La West Bluegrass Band, Erromintxelak, Hutsun Txalaparta, Sensei Music Ensemble eta Deira Band taldeen eskutik. Eta Ereaga hondartzan, Chambao (hilak 12) eta Muerdo (hilak 13) taldeen musikaz gozatzeko parada eskiniko da.
Datu guztiak: Getxo Folk.