
Alaine Agirrek lehenengo poema-liburua argitaratu du Txoriak etortzen ez diren lekua (Erein), eta gaur Bermeoko Udal Liburutegian, arratsaldeko 19:00etan lan horren aurkezpena egingo du.
Obra honetan ere nobelatan ezagun egin duten ezaugarriak ikus litezke: hizkuntza eder eta adierazkor baten bilaketa, erritmoaren sena, sentimenduen agerpen gordina, emozioen intentsitatea… Oraingoan, gainera, gai minbera bat da landutakoa: ospitale psikiatriko bateko egonaldia, hango arau, giltza, ordutegi, ohitura, zaindari eta bezero bereziekin. Dramatismorako joera du idatzitakoak, baina umore ukitu batekin poema bihurtuak.
Alaine Agirre Garmendia (Bermeo, 1990) haurrentzako hainbat ipuinez gain, hiru eleberri kaleratu ditu helduentzat: Odol mamituak (2014; Zazpikale Saria), X hil da (2015; Zilarrezko Euskadi Saria) eta Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama (2017; Joseba Jaka Saria).
Bideo argigarri honetan azaltzen ditu Alainek bere idazletzaren arrazoiak eta lan honen sorburua.
Txoriak etortzen ez diren lekua. Alaine Agirre from Erein argitaletxea on Vimeo.