Getxoko 9. Komiki Azokan ospe handiko artistak bilduko dira azokan. Gilbert Shelton, Estatu Batuetako underground komikiaren egile nagusienetakoa; Frederik Peeters, Europako komiki berriaren adierazlea, eta Stuart Immonen, Marvel eta DC argitaletxe handien serie ospetsuetako ilustratzailea izango dira aurtengo protagonistetako batzuk. Hirurak azaroaren 26tik 28ra egongo dira Getxon eta hainbat ekitalditan zein sinatze-txandetan jardungo dira.
Robert Crumb eta Vaughn Bodérekin batera, Gilbert Shelton underground komikiaren sortzaile ospetsuenetariko bat da. Oso gaztea zela nabarmendu zen eta 1959. urtean Wonder Wart-Hog pertsonaia sortu zuen. 1969. urtean lehenengo aldiz argitaratu zituen beste serie paregabe bi: The Fabulous Frak Frothers eta Fat Freddy's Cat. Urteak pasa ahala, eskarmentu handiko artista horrek underground komikiaren gailurrean finkatu da, umore garratza eta ekintza supersonikoa uztartzen dituen lanei esker.
Frederik Peetersi (Geneva, 1974) dagokionez, Europako komiki berriaren adierazle nagusietako da egun. Suitzako egunkarietan eta aldizkarietan abiatu zen komikigintzan eta 2001. urtean Píldoras azules eleberri grafiko ospetsua kaleratu zuen.
Stuart Immonen ilustratzaile kanadarra ere egongo da Getxon. Torontoko York Unibertsitatean Artea ikasi zuen eta 1988. urtean kaleratu zuen bere kabuz lehenengo lana: Playground seriea, hain zuzen ere. Ondorengo urteetan argitaletxe txikientzat jardun zen eta 1993an Marvel eta DC Estatu Batuetako bi argitaletxe handienentzat lan egiten hasi zen.
Getxoko Komiki Azokak bidalita