EZLEKUBAT

Kalma zurian mendebalaren zain

Nire herrian, Ondarroan, itsasoko eguraldi txar-txarrari tenporalea esaten deutsagu, mendebaldeko haizeak eraginda sarritan sortzen dala pentsauten dot; ni kaletarra naz, itsasoko kontuak, haizea, ohiturak eta holangoetan ez naz entendidua, horregatik ustez sekulako mendebalak tenporalea ekarten dau. Bizkaiera idatzia darabilten gehienek segituan esango leustakie mendabalak ekaitza eragiten dauan ala ez, gehienak etnografian eta herri ohituretan jakintsuak dira eta.

Jakintsu hauei ez jake nabari bizkaiera idatzia kontu etnografiko eta bitxi bihurtzeak zenbateraino estutzen dauzen; batek baino gehiagok gogorregia nazela pentsauko dau, eta iritxiak erraz botaten dodazala zelako mina egiten daben berba horiek neurtu barik. Ezjakintasuna krudela da, eta okerrena norbere kontra egiten dauala, eta artikulu hau irakurtean ziur lehen sinpatia gutxi baeunsten orain gutxiago izango deustela. Ni ez nago etnografo multzoan, ez nago jakitunen taldean, ez nago mahaikideen artean; inork inbitau barik mahaian jarri eta zer esan ez dakiena naz: eta zu zergatik zagoz hamen? preguntauten deuste joaten nazen jaurdunaldi bakoitzera.

Bizkaiera idatziaren erronka gaur egunean hesi hau apurtzea da, zirkulu txikietatik,  bizkaiera ahoan darabilen herritarrengana hedatzea; esparru guztietan eskribiduta, gure zonaldeko estandar idatzia balioztatzea. Baina kokilduta ikusten dot jendea, idearik barik, iniziatibarik barik. Hizkuntzaz disfrutau nahi badogu, bizkaieraren desafioa idatziz azaltzea da, horretarako derrigorrez hiztunok erabilera jasoa behar dogu. Ezin dot nire hizkuntzaz gozatu?

Nire iritzi apalean batuak jaso behar dau bizkaieraren aportazinoa. Kontu hau hil ala bizikoa da bizkaieraz dihardugun euskaldunontzat: erabilera naturalean bizkaiera
darabilgun euskaldunok gure inguruko euskal mundura datozen semeei, herritarrei, eta  atzerritarrei daukagun onena emoteko prest egon behar dogu, ze horrela datozenak hobeak izango dira. Bizkaieraz arro sentitu behar dogu, eta batua gureganatu: hizkuntza geurea da, maitatu dagigun, disfrutau konplexurik eta damurik barik. Inork ez dau bere gurasoak aukeratzen, batzuk besteek baino gehiago sufritzen dabe etxean hartu-emonak dirala eta, baina gurasoak maitatuz gizaki hobeak izatea lortzen dogu. Bizkaiera idatzia maitatuz geureagaz disfrutau geinke daukagunari benetako balioa emanda; ezer demostrau beharrik izan ez arren, inork ez deusku etxekoak maitatzeaz lezinoirik emongo.

Zeozeinek pentsauko dau zertara datorren euskalki kontu hau, baina Bilboko Plaza Berrian Transmisinoa eta Erabilera dala eta antolatutako jardunaldian parte hartu ebenek honetaz zer esan edukiko dabela uste dot. Hiru dira Transmisinoa eta Erabilera Mendabalde Kultura Alkartearen XIII. jardunaldietatik atera ziran ondorioak:

– Bizkaiera estandar idatzia euskera batuko oinarrizko egituretatik bakarrik aditzak urruntzen dau; beraz, erabilera errezekoa da, ahoz darabilen edozeinek aparteko estutasunik barik erabili leikeana idatziz.

– Komunikabideetan bizkaiera idatzia hain gutxi agertzea salatu behar da, bereziki mingarria da Bizkaiko euskaldeetako herri-prentsan debekatzea bere erabilera.

– Eskoletan jokabidea aldatu behar da,  euskera batua erakustean euskalkiaren transmizinoa eta erabilera ziurtatu behar da. Zallako Eskola Publikoan eta Ondarroako Eskola Publikoan kurrikulu desberdinak izango dute, errealitatea desberdina da eta, baina eremu bakoitza bere neurrian ahaleginduko da euskalkia batuan txertatzen eta erabilera naturala bultzatzen gehiegikeriarik barik.

Kalma zuritan tenporalearen zain, mendebaldeko haizea epelegia da ekaitzik eragiteko, aldaketarik sortzeko. Uste dut Mendebalde Kultura Alkartekoek besteak beste euren indarrak bizkaieraren erabilera idatzian jarri behar dabezala, batez be euskalki idatziak komunikabideetan izan behar daben tokia ziurtatzeko eta eskoletan batua irakastean bizkaiera idatziaren zubi lana gazteenekin finkatzeko  (behartu barik modu pedagogikoenean, erabilera bermatuz). Bi puntu hauek dira inportanteenak bizkaiera ahoan darabilgun hiztunen artean euskara baturako bidea modu natural batean garatzeko, ze batuaren premiaz jabetzen gara, badakigu ezinbestekoa dala, baina beti ere gure zonaldean bizkaieratik.

Beste egunen batean zeozeinek eskribidu beharko leuke bizkaieraren presentziaz gaur egungo euskal literatura ofizialean, eta zelan gure “Guruek” belaunaldi berriak artaldean daroazien tokian-tokiko hizkuntzari erreparatu barik, itxuraz kalitatea argitaletxeetan dago. “Ez da gauza bera bizkaieraz 200 ale saltzea edo batuan 1500” zioen J.M. Etxebarriak izandako bileran.

Badakit idazki honek ez deustala lagunduko ezertan, ze ozen gauzak esateak ez dakar ezer onik; gero kexako naz ate gehienak zarratzen deustela eta. Badakit bakoitzak uste dabena eta errealitatean gertaten danaren artean distantzia handia dagoala, eta batez be sekulako lana egiten dabilzan asko minduta sentidu leikezala… Azken hauentzat, isileko lanean egunero euskeraren alde lanean orduak eta orduak, inoren eskerrik barik, dabiltzanentzat nire eskerrik beroenak; etnografo edo karrera egin nahian terminoengatik zeozein minduta sentitzen bada parkatu: ni ez naz inor besteen lana epaitu eta baloratzeko. Idazki honekin ez dot pertsonak kritikauten: uste dot transmisino eta erabilerea dala eta bildu ginen guztiok, bakoitza bere mailan eta neurrian, euskeraren alde dabilela, eta gehienek ez dabela behar daben laguntza eta errekonozimendurik; beraz, berriro dinot ez dodala pertsonak kritiketan; ezta literatur “Orakuloak” be, badakidalako maisuak dirala eta danon erreferentzia. Kritiketan dot instituzinoak, argitaletxeak, komunikabideak, bizkaiera idatzia albo batean laga eta ezer ez dagozalako egiten batuaren erabilera naturala euskalkitik abiatuz sendotu eta ziurtatzeko.

Bukatzeko Luis Baraiazarra karmeldarrari, isileko lan itzelak egiten gaitu jakitun eta ez berba mingarriek, eskeini deuskun behar itzelagatik nire eskerrik beroena emon nahiko neuskio. Mila esker guztiontzat hainbesteko beharra egiteagatik; bileran bere azken berbak honako hauek izan ziran:
“Behar doguna ez dogu berez jasoko, egin ahalak eginda baino”.
Egin ahal horieetan batzuk panparroien zarata egin behar dogu erdi lo dagozanak esnatzeko.


Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button